Arsuagaenea parkearen irekiera 12:00etan

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 17a, 07:00

Usurbildik Lasartera bidean, Txikierdi inguruetan dagoen Arsuagaenea parke ederra zabalduko dute ostegun honetan, Usurbilgo Udalak deituriko ekitaldi batekin, eguerdiko 12:00etan. Hortik aurrera, “herritar orok izango du bertako baso eta zelaiaz gozatzeko aukera”.

Eta hau posible izango da, egungo udal gobernu taldeak lorategiko balioa ikusita, izaera publikoa berreskuratzeko eginiko lanaren ostean. “Horma zaharrak egokitzearekin batera, bi sarrera nagusi izango ditu, Txikierdi goikaldetik eta Lasarte-Oriako errepidetik”, berri eman dute Udaletik. Hartara, orain arte parkera gerturatzeko zeuden trabak iraganeko kontuak izango dira laster. Orain arte hain zuzen, “hormaz inguratuta eta sarrera bakar bat zuen eraiki berrietako etxe tartetik. Baldintza honek izaera pribatua ematen zion parkeari”. Oraindik itxita dago gunea. Ostegunean, Udalak deituriko ekitaldi batekin zabalduko dute.

Landaredi aldetik, gune aberatsa
Lorategiaren izaera publikoa berreskuratuta, 1999. urtean Udalaren esku geratu zen gunea barrutik ezagutzeko aukera egongo da ostegunetik aurrera. Bitan zatitua dago parkea; igerilekua edo joko zelaia zegoen eremu irekia du batetik eta bestetik, 60-80 urte izan ditzakeen basoa, 60-80 urte arteko zedro eta banbu baso itxiarekin. Beste espezie guztiok ere aurkitu daitezke Arsuagaenean: izeia, astigar zuria, Atlasko eta Himalaiako zedroa, pago gorria, lizarra, magnolioa, itsas pinua, pinazi pinua, gerezi-aranondoa, ezki hostozabala… Gerturatu eta gozatu gune ezin ederragoaz.