Atxegalde jostaleku, jaietako bigarren egun honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 30a, 15:57

Haur eta gurasoen joan etorriekin esnatu zaigu Atxegaldeko festetako bigarren egun hau, lehen aje eguna bat baino gehiagorentzat. Jai Batzordekoek goizean zehar prestatu dizkieten jokoetan primeran pasa dute. Parte hartzea azpimarratu behar beste behin. Haurrek agian jakin badakitelako edo esku hutsik ez direla etxeratuko, 125 bat gaztetxo zenbatu dituzte antolatzaileek jokoetan. Denek zenbaki bat zuten idatzia, amaieran ospatu den zozketarako hain zuzen. Opari mordoa banatu dute Jai Batzordekoek, jokoetan parte hartu duten haurren artean. Eta txikiak pozik asko noski, esku hutsik ez direlako geratu.

Bazkari jendetsuagoa
Eguerdi partean, aurreko urteetan baino haur eta guraso gehiago animatu da bazkaltzera. Indartzen ari den hitzordua dela dirudi. Janaria eurek ekarri behar zuten etxetik. Edaria eta postrea Jai Batzordekoek zerbitzatu diete.

Afari musikaturako txartelak salgai
Antzerkia, txokolate jana eta buruhandiak arratsalde partean, haurrentzat. Mus txapelketa baita, zaletuentzat. Eta iluntzean, 21:00etatik aurrera, afari musikatua Josune Aranbururekin. Otordurako txartelak oraindik salgai daude 15 eurotan, txosnan. Gogoan izan, aurtengo afari musikatuari "Ongi etorri Ibizara!" izena jarri diotela. Txuriz jantzita gerturatzera animatzen dute Jai Batzordetik. Eguna amaitzeko, Zesuma eta DJ Gude. Ondo pasa! 

    

    

    

    

    

Abuztuak 30, larunbata
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea, 20 euro bikoteko). Sariak:
1. saria: txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta 2 txanpain botila.
2. saria: kopak, lau untxi, mariskada eta 2 txanpain botila.
3. saria: kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4. saria: kopak, kostilla eta bi txanpain botila.

 

17:30 Antzerki sorpresa haurrentzat.
Ondoren txokolate-jana eta buruhandiak.
21:00 Afari musikatua, Josune Aranburu eta Ixak Arrutirekin: “Ongi etorri Ibizara!: animatu arropa txuriz jantzita etortzera”. Txartelak aurrez salgai 15 eurotan, Irratin, Artzabalen eta Atxegaldeko Alkorta saltokian. Prezioa: 15 euro. Menua: pasta entsalada, oilaskoa euskaldun saltsan eta fruta mazedonia.
Ondoren, Zesuma eta Dj Gude.

 

Abuztuak 31, igandea
11:30 Umeentzako toka txapelketa. 
12:30 Helduentzako toka txapelketa. Inskripzioa 3 euro, lehen saria 100 euro. 
Jarraian, salda eta pintxo banaketa, Alkorta Autozerbitzuaren eskutik.
17:00 Body Combat saioa.
18:00 Patata tortilla lehiaketa.
19:30 Erromeria Imuntzo ta Belokirekin.
22:30 Azken traka.