Desfile koloretsu, jendetsu eta aldarrikatzailea, Usurbil Cup aurkezteko

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 5a, 21:14

Kolorea eta batez ere jendetza. Jendetsua izango da larunbat honetan bertan abiatuko den Usurbil Cup txapelketa. 2014ko edizioaren hasiera girotzeko, Askatasuna plaza Mikel Laboa plazarekin lotu duen desfile mundiala antolatu du Usurbil FT-k, ostiral arratsalde honetan. Guraso, arduradun, antolatzaile, eta noski, batez ere abiatzear den txapelketako partaideak bildu ditu hitzorduak. Jendetza. Ez baita gutxiagorako. 34 taldeek eman dute izena Usurbil Cup-en, 350 bat jokalarik.

Askatasuna plazan bildu dira lehenik, kartel berezi batzuk margotzeko; "Ez oihukatu entrenatzaileari", "ahaztu emaitzak eta animuak bidali", "Ez gutxietsi epailea", "Aita-ama, arau hauekin jolastu nahi dut", "Goza ezazu jolasten dudanean", "Zure babesarekin zoriontsu izango naiz!!!", "Ez ahaztu, jolas bat besterik ez dela", "ez iezadazu jendaurrean oihu egin", "ez zaitez urduritu", "ez gutxietsi nire taldekideak" eta abar luze bat zioten kartelak prestatu dituzte. Eta margoturiko kartelok eskutan osatu dute Usurbil Cup txapelketako partaideek, desfileko ibilbidea Aitzaga elkarte atzealdetik Mikel Laboa plazaraino. Askatasuna plazan osatu dute abiatzeko ilara, bideo honetan ikus daitekeen moduan: Desfilearen atarikoa

Jokabide desegokiak zuzentzeko ahaleginean
Txapelketako partidetan egon izan ohi diren jarrera desegokiak zuzentzen ahalegintzeko ekimen sinbolikoa izan da kartelena. Jarrera desegokiez ohartarazten dituzten kartelok, Usurbil Cup txapelketako partidak jokatuko diren guneetan ikusgai izango dira datozen asteotan. Lehen jardunaldia larunbat honetan, Kiroldegian, frontoian eta Haranen jokatuko da. Beste guneren bat ere baliatzekoak dira antolatzaileak hurrengo asteetan. Santuenea esaterako, jaietan izango den asteburuan.

Kartel margoketa, desfilea eta Mikel Laboa plazan, taldeka argazkia atera zaie Usurbil Cup-eko partaide izango direnei. Gero bilera deitu dute antolatzaileek arduradun eta gurasoekin Sutegin, txapelketako nondik norako eta arauez hitz egiteko. Aurkezpen arratsalde berezi honekin abiatu du Usurbil FT-k, larunbat honetan hasi eta iraila amaierara arte luzatuko den txapelketa herrikoia.