"Amets zirkoa salgai" antzezlana gaur, VI. Topa Eszenikaren baitan

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 11a, 13:14



VI. Topa Eszenika betean gaude Usurbilen. Bi hitzordu, ostegun arratsalde honetarako:

Irailak 11, osteguna

15:00-17:00 Mahai ingurua Potxoenean, antzerki munduko adituekin: euskarazko antzerkiaren dokumentazio zentroaren inguruko gogoeta.

20:30 "Amets zirkoa salgai (Aldatzen-Laguntzen)” antzezlana Sutegiko auditorioan:

“Xorroxin eta Azken Putz klownak zirko munduan urte ugari daramazkite. Baina ikuskizun berri honek, beren biziera zapuzteraino eraman ditu eta amaiera jarri behar diote beren aktore bizimoduari. “Aldatzen Laguntzen”en antzezlanean, komedia izango da nagusi baina gutxinaka drama punttuak aurkezten hasiko zaizkigu Ion Martinez eta Saioa Royo antzezleak. Antzezlanean, zirkoan ohikoak diren eszenak ikusiko ditugu, Euskal Herriko hainbat pertsonaia mitologiko eta gure gizartean ezagunak diren pertsonaiak erabiliko dituzte antzezleek: aurkezlea, pailazoen esketxak, magoa, txiste kontalaria, animalia domatzailea, indar handiko pertsonaia, gizon bala, neska bizarduna… Ezin duzue galdu!”.
Sarrerak: 3 euro (egunean bertan).



Irailak 12, ostirala

22:00 “Hitzak (Hika Teatroa)” antzezlana Sutegiko auditorioan:

“Hiru emakume eta gizon bat. Eta umea. Emakume gaztea, maite duen gizonarekin ezkondu berria. Zorionaren ispilu. Emakume heldua, maite zuen gizonarekin aspaldi ezkondua, gatazka etengabean. Zorigaitzaren ispilu. Emakume zaharra, gizonik maite izan ote duen ahaztuta, zoramenaren ispilu, (baina ispiluaren atzean aske eta zoriontsu izan litekeela jakitun). Emakume gaztea ezkondu da maite eta desio duen gizonarekin, bizitza osoan zoriontsu izateko ilusioz. Emakume helduak jakinarazi nahi dio bera ere halaxe ezkondu zela orain urte batzuk, baina gero zerbaitek krak egin zuela harremanean. Emakume zaharrak berak egin zuen krak munduan gehien maite zuen pertsona galdu zuenean. Harrezkero, ez dio inori aholkurik ematen. Izar iheskorrak harrapatuz bizi da umearekin”.
Aktoreak: Klara Badiola, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza, Jabi Barandi eta Agurtzane Intxaurraga.
Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).



Irailak 13, larunbata

22:00 “Etzi (Dar-Dar produkzioak)” antzezlana, Sutegiko auditorioan:

“Goizeko hamarrak dira. Bruno gurasoekin bidaian joan berri da. Rosak, amak, koaderno gorri bat eman dio Mattini, bere seme ttikienari, bertan bere sentimendu eta emozioak idatz ditzan gurasoak kanpoan diren bitartean. Etxera itzultzean, denek elkarrekin irakurriko dute. Mattinek ez daki zehatz-mehatz noiz itzuliko diren. Etzi esan diote, ez geroago. Mattin bere aitona Pedro eta amona Nataliarekin geratuko da denboraldi honetan. Brunoren ausentzian ordulariaren orratzak arrastaka dabiltzala dirudi. Guztiak berunaren kolore gris astuna hartu du eta kalean urdin koloreko euri umela ari du. Mattinek, Pedrok eta Nataliak azken urteetan Brunorekin bizi izandako hainbat pasarte gogoratuko dituzte”.
Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti, Gorka Zufiaurre eta Asier Zinkunegi.

Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).

Antolatzailea: Antzerki Ekintza.

Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta EHAZE.

Sarreren zozketa
VI. Topa Eszenikan ikusi ahalko diren antzezlanetarako sarrerak, obra bakoitza programatu den egunean bertan jarriko dituzte salgai. NOAUA!ko bazkideok adi. Lau sarrera bikoitz ditugu ”Amets zirkoa salgai" ikusteko. Beste bina sarrera bikoitz, asteburuko "Hitzak" eta "Etzi" antzezlanak ikustera joateko. Sarrerok nahi dituzuela eta ez dakizuela zer egin behar duzuen? Oso erraza da ba. NOAUA!ko bazkide zaretenok, idatzi email bat erredakzioa@noaua.com helbidera. Zehaztu bertan zuen datuak eta zein antzezlan ikusi nahi duzuen. Antzezlan bakoitzaren sarrerak egunero zozketatzen joango gara, Topa Eszenikako egunetan. Animatu eta parte hartu!