Futbol jolas betean gaztetxoak, Usurbil Cup txapelketarekin

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 11a, 19:24

34 taldeetan (7 mixto, 15 mutilenak, 12 neskenak) banatutako 350 bat haur eta gaztetxo gogotik dabiltza parte hartzen futbolaren festa handian; abiatu berri den Usurbil Cup txapelketan. Harane futbol zelaia, Oiardo Kiroldegia edota frontoia, lagun arteko partiden jokaleku ditugu iraileko arratsaldeotan. Finalak eta sari banaketa, hilabete honetako azken asteburuan.



Desfile aldarrikatzailea
"Ez oihukatu entrenatzaileari", "ahaztu emaitzak eta animuak bidali", "Ez gutxietsi epailea", "Aita-ama, arau hauekin jolastu nahi dut", "Goza ezazu jolasten dudanean", "Zure babesarekin zoriontsu izango naiz!!!", "Ez ahaztu, jolas bat besterik ez dela", "ez iezadazu jendaurrean oihu egin", "ez zaitez urduritu", "ez gutxietsi nire taldekideak"... 

Mezuok idatzita zeramatzaten kartelekin, jai giroan burutu zen desfile koloretsu baten bidez, aurreko edizioetako jarrera desegokiez ohartarazi nahi izan zuten irailaren 5ean, 2014ko Usurbil Cup txapelketan izena eman duten 34 taldeetan bildutako 350 bat jokalariek.

Usurbil FT-k antolaturiko kirol ekimen herrikoia aurkezteko hitzordua baliatu nahi izan zuten horretarako. Askatasuna plaza, Mikel Laboa plazarekin lotu zuten kartelak eskutan, desfile batekin. Abiatzear zen Usurbil Cup girotzen hasteko gainera, frontoi atzealdean, taldeko argazkiak atera zituzten gero. Antolatzaileek, jokalari, taldeeko arduradun eta gurasoak inplikatu nahi dituzte, neurketetan jarrera desegokirik egon ez dadin sustatzeko elkarlanean. Guztia, aurreko edizioetakoa, aurtengoan errepikatu ez dadin. Ia, haur eta gaztetxoek ostiral arratsaldean karteletan idatzita zeramatatzen eskaera guztiok betetzen diren abiatu berri den txapelketan. Asteko egun bat baino gehiagotan jokatzen dabiltza partidak, Haranen, Kiroldegian edota frontoian. Usurbil Cup-eko azken neurketak eta sari banaketa, iraila amaieran.

Usurbil Cup Txapelketako partaideen argazki gehiago, hemenUsurbil Cup 2014, taldeak