300etik gora saritu, Usurbil Cup-en amaiera festa koloretsuan

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 28a, 20:22

A zer nolako haur eta guraso festa igande arratsalde honetan. Ez zen gutxiagorako. 34 talde eta 350 jokalari baitziren guztira. Usurbil Cup txapelketari buruz ari gara. Ospatu berri da amaiera festa irailaren 28 honetan, goizean eta bazkalostean jokatu diren azken partida eta sari banaketa ekitaldiarekin.

Usurbil FT-k asko mimatzen duen hitzordua da gaurkoa. Haurren oso gustukoa. Jokalari eta taldeetako arduradunei txalo artean, futbol izar onenen pareko ongi etorria egin diete frontoian. Eskuzabala den sari banaketa hasi da gero. Inork ez baitu esku hutsik amaitzen Usurbil Cup eta aurtengo edizioa ez da salbuespena izan. Usurbil FTren kamisetak opari denentzat, eta irabazleentzat garaikurrak banatu dituzte antolatzaileek. Aipatzekoa, sariak banatzeko antolatzaileek egokitu duten frontoiko txokoan, jarrera egokiak sustatzeko aurten burutu duten ekimen berezia islatu nahi izan dutela. Irailaren 5ean egin zuten Usurbil Cup-en aurkezpen ekitaldian, jokalari taldeak jarrera egokiak sustatzeko kartelak landu zituzten. Kartelok txapelketan zehar eta gaurko sari banaketan ere ikusgai jarri dituzte.

Eta amaieran, urteroko familia argazki erraldoia atera dute Zumetaren mural parean, Mikel Laboa plazan. Festa giroan ospatu nahi izan dute sari banaketa ekitaldia. Burunda dj ibili da gero, dantza giroa jartzen frontoian.

Errifa zozketa
Usurbil Cup-eko sari banaketa ekitaldiaren baitan, Usurbil FTkoek azken asteotan saldutako errifen zozketa ere egin dute. Hona hemen zenbaki sarituak:
-Bi lagunentzako otordua Artzabal jatetxean: 2.520.
-3 kilo txuleta, Otar Goxo saltokiaren eskutik: 5.296.
-Mariskada eder bat, Bruño etxekoen partetik: 2.885.
-Reala ikusteko bi sarrera: 0.353.

Usurbil Cup 2014ko amaiera festako hainbat irudi dituzue albiste honetan atxikiak. Sarituen argazki guztiak ikusteko, hemen duzue web orrialde honetako Argazkitegirako lotura: Usurbil Cup 2014 sari banaketa