Lekukoa hartuta, Usurbilen esku jada Kilometroak 15 antolatzea

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 6a, 10:00


Usurbilek eta Udarregi Ikastolak eskutan dute jada, Usurbilen esku Kilometroak 15 antolatzeko lekukoa. Atzo eguerdian izan zen lekuko hartzea, Orion ospatu zuten ikastolen aldeko festa eguneko ekitaldi nagusiaren baitan. Udarregi Ikastolako lehendakari Xabier Alustizak, zuzendari Mariaje Imazek eta Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak hartu zuten, udalerri honen eta hemengo ikastolaren izenean, urtebete barru herri honetan bertan ospatuko den Kilometroak antolatzeko erronka.

   
Orioko ikastolako ordezkarien eskutik jaso zuten lekukoa, Artzeren poema bat errezitatuz. Usurbildarrek esker onez heldu zioten erronka berriari. "Eskerrik asko Orioko herriari. Usurbilentzat hain maitea den herri batek lekukoa ematea zerbait berezia dela esan behar dugu. Irrikitan gaude horrelako jai zoragarri bat aurreneko aldiz gure herrian ospatzeko", zioen Udarregi Ikastolako lehendakari Xabier Alustizak.

Berak adierazi bezala, orain bai, Usurbilen esku dago hurrengo Kilometroak jaia prestatzea. Atzo Orion ospatu zuten jaialdiko aldarria ahotan hartuta, orain Usurbilen txanda dela adierazi du Alustizak. "Abiatzera goaz, erria txikota!", zioen ikastolako lehendakariak, bertaratu zirenen txalo artean. Oriotarrek zorte ona opa digute usurbildarroi.

   
Lekuko hartze ekitaldia, leporaino betea zen Orioko ikastolako aretoan egin zen. Bertaraturikoen artean, bazen usurbildarrik; Kilometroak 15eko antolakuntza taldeko kideak, Udarregi Ikastolako Artezkaritza Kontseilukoak edota Usurbilgo Udaleko ordezkariak tartean. 

Usurbildar gehiago, Kirol Erronkan
Usurbil Kilometroak 15 antolatzeko lekukoa hartzen ari zen artean, beste zenbait herritar lehia bizian ari ziren Orioko jaialdian bertan, Kirol Erronka egitasmoan. Gipuzkoako hainbat ikastetxe kirol proba ezberdinen bueltan lehian jartzen dituen Kilometroak-eko ekimenean parte hartu du aurten ere Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasle talde batek, Sarai Lizaso edota Unai Lataillade irakasleen gidaritzapean. Iruditan dituzue, Usurbil ezin hobeto defendatu duten gazteak.

Andu Lertxundi eta lehen gurasoei omenaldia
Kilometroak 15 antolatzeko lekukoa Udarregi Ikastolak eta Usurbilek jaso aurretik, Orioko ikastolako sortzaileak omendu zituzten. Besteak beste, Andu Lertxundi eta lehen guraso taldea.