Buruntzaldeko Ibilbideen 7. Eguna igandean

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 7a, 11:03


Arropa eta oinetako erosoak jantzi eta urriaren 12an, denok bailarako txokoak hobeto ezagutzera. Buruntzaldeko Ibilbideen 7. Eguna ospatuko da urriko bigarren igandean, 9:00-14:00 artean. Andoain, Lasarte, Urnieta eta Usurbil lotuko dituzten bost ibilbide ditugu aukeran, eskualdeko "landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu. Bidezidor eta bideak ditugu (bost ibilbide daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz".

   
Ez dago galbiderik. "Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude. Hala, seinale bat bidean ikusten dugunean zein ibilbidetan gauden jakingo dugu", antolatzaileek, eskualdeko udal ordezkariek ostiral eguerdian Potxoenean burutu zen agerraldian zioten moduan. Paneletako bat, Mikel Laboa plaza ondoan duzue.

Hauek dira udalerri bakoitzaren koloreak:
-Andoain: urdina.
-Lasarte: urre zaharra.
-Urnieta: berdea.
-Usurbil: laranja.

Parte hartzeko modua
Antolakuntzak aipatu lau udalerrietan, Andoain, Lasarte, Urnieta eta Usurbilen (Aginagako Mapilen eta Santueneko zubi ondoan) jarriko dituen kontrol guneetan txartel bat jasoko du partaideak, "abiatzen den lekuko zigiluarekin; partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den buff bat jasoko du opari. Salbuespena Andoain-Usurbil ibilbidea da, bietako edozein norabidean eginez gero buff-a lortuko baitu".

5 ibilbide aukeran
Eguna: urriak 12, igandea.
Ordutegia: 9:00-14:00.
Ibilbideak:
-Andoain-Lasarte: urdina eta urre zaharra; 7,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak.
-Andoain-Urnieta: urdina eta berdea; 4,8 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Andoain-Usurbil: urdina eta laranja; 14,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Urnieta: urre zaharra eta berdea; 3,9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Usurbil-Aginaga (Santuenetik barrena, Mapileraino): urre zaharra eta laranja; 9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.

Kontrolak eta anoa
Herri bakoitzean kontrol une bat egongo da (Usurbilen bi), argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko:
-Usurbilen: Santueneko auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil inguruan.
-Andoainen: udaletxe azpian.
-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
-Urnietan: udaletxe azpian.

Itzulerarako autobus zerbitzua
Zerbitzu hau baliatzeko, "derrigor, hasieran jasotako txartela zigilua aurkeztu beharko da". Bus zerbitzuaren ordutegi eta geltokiak segidan:
Aginaga, Ezpaldiko gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbil, San Inazioko errotonda: 12:07, 13:07, 14:07.
Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
Andoain, Goiko plazaren atzealdean: 12:30, 13:30, 14:30.
Urnieta, Kiosko geltokian: 12:40, 13:40, 14:40 (zerbitzu amaiera).