Klaserik ez, jolas eguna dute Aginagako haurrek

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 10a, 13:07

Aginagako Eskola Txikian klaserik ez dute gaur, jai dute ostiral honetan. San Praixkuetan baita Aginaga, eta urriaren hamargarren honetan Umeen Eguna ospatzen ari dira goizaz geroztik. Haurrek jokoetan primeran pasa dute goiz partean, baina eurentzako festa hasi besterik ez da egin. Bazkaria izan dute eguerdian. Arratsaldean puzgarrietan primeran pasatzeko aukera, txokolate jana, buruhandiak...  Egun pasa dibertigarria zalantza izpirik gabe. 

Bertso afari musikaturako sarrerak aurrez erosi
Helduen txanda gaur iluntzean. San Praixkuetako bertso afari musikatua 21:00etatik aurrera, Eliza Zaharrean, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Alaia Martin eta Mantxi bertsolariekin, eta Eneko Sierra, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariekin. Haritz Casabal arituko da gai jartzaile lanetan. Hitzordurako sarrerak aurrez salgai, Aitzagan, Arraten eta Sekañan 15 eurotan.

Joaldunekin oilasko biltzera
Bizkaiko lagun talde batekin egingo dute oilasko biltzaileek, larunbat goizerako iragarria duten San Praixkuetako kalejirako azken txanpa. Goizeko 6:00etan abiatuko dira. Eguerdi partean batuko zaizkie ibilbidera zanpantzarrak. 12:00ak aldera Mapil aldean. 14:00ak aldera helduko dira denak, Aginagako frontoi inguruetara.

Gero, arratsaldean estropadak, toka txapelketa, sardin eta sagardo dastatzea. Eta gauean, jaiei behar bezalako errematea emateko, parranda gau luzea dj saio bikoitzarekin. 2014ko San Praixkuak azken txanpan dira.

   

   

   

   

   

San Praixkuak Aginagan
Urriak 10, ostirala: Umeen Eguna
21:00 Bertso afari musikatua Eliza Zaharrean. Bertsolariak: Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Alaia Martin eta Mantxi.
Gitarrak: Eneko Sierra eta Ixak Arruti.
Biolina: Gari Otamendi.
Gai jartzailea: Haritz Casabal.
Ondoren, dantzaldia Eliza Zaharrean Itzartu taldearekin. 

Urriak 11, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen irteera bazterrak alaitzera. Zahar, heldu eta gazte ondo gosalduta eta txukun-txukun.
Eguerdian, joaldunekin batera Mapildik plazara abiatuko dira oilasko biltzaileak.
16:00 II. Emakumezkoen trainerila txapelketa eta VIII. Gizonezkoen trainerila txapelketa.
19:00 Sardina eta sagardo banaketa herriko plazan.
Bitartean, XXXII. Toka Txapelketa herrikoia.
00:30 ABIBA Diskofesta frontoian.
04:30 Aros DJ Eliza Zaharrean.
Berehala eguna argitu duela? Guri Bost!

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.