Egunkariako auzipetuak libre: "Pozik gaude eta esker onez"

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 17a, 15:09

"Egun handia da guretzat, gure bizitza pertsonalarentzat, zama handia kendu dugu gainetik", zioen Joan Mari Torrealdai herritarrak, Egunkariako auzi ekonomikoa behin betiko artxibatu ostean, gaur eguerdian Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean ospatu den eskertza ekitaldian. Auzipetu ohien izenean, eskerrak helarazi nahi izan dizkie, 11 urteotan babesa, elkartasuna, maitasuna adierazi duten guztiei.

Pozik eta esker onez agertu dira hedabideen aurrera. Baina Torrealdaik zioen moduan, "halere ez dugu irabazi". Eragindako kalteen ordainik ez dagoela nabarmendu du eta euskarari, euskalgintzari, euskal gizarteari eginiko eraso bortitzaren aurrean inork barkamenik ere ez duela eskatu gaineratu du. 

"Memoria bizi eta aktiboa" eskatu du, "memoria kolektiboak ondo gordeta manten dezala, XXI. mende hasieran euskarak eta euskalgintzak jasandako eraso bortitza".

Eskerrak emanez eta Egunkaria libre dela adieraziz, ekitaldira bertaratu direnen txalo zaparrada batekin amaitu da eskertza ekitaldia. Hitzordura, euskalgintzako hainbat aurpegi ezagun bertaratu dira, baita Ezker Abertzaleko edota EAJ-PNVko ordezkariak ere.