Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko elkartasun kanpaina

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 20a, 11:08


Nafarroa hegoaldeko bertako produktuen ekoizpena eta zonaldeko euskara sustatu edo suspertzeko, elkartasun kanpaina antolatu du aurten ere Errigorak, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean. Nafarroako erriberako produktuez hornituriko saskiak salgai jarriko dituzte iaz bezala, erosi nahi dituen herritar ororen esku. “Bagatoz! Bagatoz ikasturte berriari ekitera! Gogotsu eta ilusioz erronka berriei ateak zabaltzera”, adierazi dute. “Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka” lemapean burutuko duten kanpainaren edizio berria, urriaren 27an abiatuko dute, egitasmoak aurreko bi urteetan harrera ezin hobea izan ostean.

“Badira pare bat urte, saskien dinamika honi ekin ge­niona. Ordutik egindako ibilbidea oparoa izan da. Apurka-apurka, bide berriak landu eta helburuak handituz joan gara Errigoraren inguruan bildu den herritarren lanari esker. Zalantzarik gabe, dinamika honekin bat egin dugun herritarron gogo eta ilusioan dago orain arteko arrakastaren giltza. Ehunka lagun herriz herri kartelak jartzen, eskuorriak banatzen, txioak bidaltzen, bideoak pasatzen, kutxak bana­tzen… Eta batez ere, herrigintza oinarri eta helburu dituen ekimen honekiko ilusioa eta sinismena trans­mititzen”, aipatu dute Errigorakoek. 

NOAUA! Kultur Elkartea, elkarlan sare handi horretako kide izan zen iaz. Iazko kanpainaren emaitza baikorrak segidan dituzue, zenbakitan:
-500 banaketa gune Euskal Herri osoko 160 herrietan.
-8.000 saski baino gehiago banatuta (horietatik 30 bat Usurbilen, NOAUA! bidez).
-Bildutako laguntza: 112.000 euro, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako.

   

Laguntza, 3 proiektuetara 
Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagundu, eta bertan ekoitzitako produktuak sustatzeko “Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka” elkartasun kanpainaren edizio berria, datorren astelehenean, urriaren 27an abiatuko da. Iaz bezala, erriberako jan edanez hornituriko saskien salmenta bideratuko du Errigora bilguneak, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean. Aurten ere, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin du elkartasun ekimen honekin. Nafarroa hegoaldeko produktuez hornituriko saskia eskuratu nahi baduzue, NOAUA!rekin harremanetan jarri edo kultur elkarteko egoitzara etorri izen ematera.

Saskiak 50 eurotan egongo dira salgai. Erosten duzuen saski bakoitzagatik ordaintzen duzuen diru kopuruaren %25a, iaz bezala, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratuko da. Zekazkiago esanda, Nafarroa erriberako proiektuotara; Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra, eta “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektura.

Saskien eskaera, NOAUA! bidez
Iaz, 112.000 euro bildu ziren euskalgintzako beste hainbat egitasmo sustatzeko. Iazko kanpaina arrakastatsuaren ostean, are hornituagoak datoz aurtengo Errigorako saskiak. Iaz 5 ekoizleren produktuek osatu zuten otarra. Edizio honetarako bikoiztu egin da ekoizle parte hartzaileen kopurua, 10era igo da: 2 olio errota, 5 kontserbera eta 3 ardo upategi guztira.

-Produktuak: bi botila olio (bat ekologikoa), bi poto piper, potxak, kardoa, mahats zukua (ekologikoa), orburuak, bi lata zainzuri, tomate saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa), pikillozko marmelada (ekologikoa), botila bat ardo beltz (ekologikoa).
-Prezioa: 50 euro.
-Eskaerak egiteko epea: urriaren 27tik azaroaren 12ra.
-Eskaerak egiteko: deitu NOAUA!ra (943 360 321) edo idatzi elkartea@noaua.com helbidera, eta utzi zure izen abizenak eta harremanetan jartzeko e-posta eta telefono zenbakia.
-Oharra: ordainketak, saskiak heltzen direnean.

Informazio gehiago:
errigora.eus
facebook.com/ERRIGORAgara
twitter.com/errigora

Antolatzaileak: Errigora, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean.