Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko elkartasun saskiak eska ditzakezue gaurtik

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 27a, 08:15


NOAUA! Kultur Elkartean, Udarregi Ikastolan, Aitzagan eta Aizpurua okindegian eska ditzakezue, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko eta bertako tokiko produktuen ekoizpena sustatzeko, Errigora, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEK-k elkarlanean antolatu duten elkartasun kanpainako saskiak.

Iazko kanpaina arrakastatsuaren ostean, are hornituagoak datoz aurtengo Errigorako saskiak. Iaz 5 ekoizleren produktuek osatu zuten otarra. “Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpainako edizio honetarako bikoiztu egin da ekoizle parte hartzaileen kopurua, 10era igo da: 2 olio errota, 5 kontserbera eta 3 ardo upategi guztira.

-Produktuak: bi botila olio (bat ekologikoa), bi poto piper, potxak, kardoa, mahats zukua (ekologikoa), orburuak, bi lata zainzuri, tomate saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa), pikillozko marmelada (ekologikoa), botila bat ardo beltz (ekologikoa).
-Prezioa: 50 euro.
-Eskaerak egiteko epea: urriaren 27tik azaroaren 12ra.
-Eskaerak egiteko: deitu NOAUA!ra (943 360 321) edo idatzi elkartea@noaua.com helbidera, eta utzi zure izen abizenak eta harremanetan jartzeko e-posta eta telefono zenbakia. Udarregi Ikastolan, Aitzagan eta Aizpurua okindegian ere eska ditzakezue.
-Oharra: ordainketak, saskiak heltzen direnean.

   

Bildutako laguntzaren zati bat, 3 proiektuetara 
Saskiak 50 eurotan egongo dira salgai. Erosten duzuen saski bakoitzagatik ordaintzen duzuen diru kopuruaren %25a, iaz bezala, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratuko da. Zekazkiago esanda, Nafarroa erriberako proiektuotara; Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra, eta “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektura. 

Iaz, 112.000 euro bildu ziren euskalgintzako hiru egitasmo sustatzeko. Kanpaina arrakastatsuaren ostean bueltan datoz aurten. “Bagatoz! Bagatoz ikasturte berriari ekitera! Gogotsu eta ilusioz erronka berriei ateak zabaltzera”, adierazi dute antolatzaileek. 

“Badira pare bat urte, saskien dinamika honi ekin ge­niona. Ordutik egindako ibilbidea oparoa izan da. Apurka-apurka, bide berriak landu eta helburuak handituz joan gara Errigoraren inguruan bildu den herritarren lanari esker. Zalantzarik gabe, dinamika honekin bat egin dugun herritarron gogo eta ilusioan dago orain arteko arrakastaren giltza. Ehunka lagun herriz herri kartelak jartzen, eskuorriak banatzen, txioak bidaltzen, bideoak pasatzen, kutxak bana­tzen… Eta batez ere, herrigintza oinarri eta helburu dituen ekimen honekiko ilusioa eta sinismena trans­mititzen”, aipatu dute Errigorakoek. 

NOAUA! Kultur Elkartea, elkarlan sare handi horretako kide izan zen iaz, aurten bezala. Iazko kanpainaren emaitza baikorrak segidan dituzue, zenbakitan:
-500 banaketa gune Euskal Herri osoko 160 herrietan.
-8.000 saski baino gehiago banatuta (horietatik 30 bat Usurbilen, NOAUA! bidez).
-Bildutako laguntza: 112.000 euro, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako.

Informazio gehiago:
errigora.eus
facebook.com/ERRIGORAgara
twitter.com/errigora

Antolatzaileak: Errigora, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEKrekin elkarlanean.