Kulturaldia azaroan, hasteko Petti, "Emak Bakia" eta "Piano bat bertsotan"

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 30a, 11:00

Atera zuen agendak eta apuntatu; azaroaren 7tik 16ra, hitzordua duzue NOAUA!ren Kulturaldiarekin. Bi astebururen bueltan antolaturiko sei hitzordu guztira; mendi buelta bat, musika emanaldia, antzerkia, hitzaldia, film baten proiekzioa...

Kantuan hasiko dugu Kulturaldia, "Piano bat bertsotan" emanaldiarekin. Ekitaldi guztiz parte hartzailea, zuen esku egongo baita erabakitzea, emanaldia eskainiko duen hirukoteak ze abesti kantatuko dituen. Musikari gehiagoren bisita NOAUA!k antolaturiko zikloaren baitan; Pettiren saioa, azaroaren 9an. Eta bezperan, bilaketa baten istorioa; "Emak Bakia" filma. Ekitaldi guztiok, Sutegin:


Azaroak 7, ostirala: "Piano bat bertsotan. Gurekin abestu nahi?"
Ordua: 22:00.  
Lekua: Sutegiko auditorioa.
Musikariak: Joana Ortega (Ahotsa), Sebastian Ustarroz (Kitarra) eta Jagoba Astiazaran (Pianoa).
Zehaztasunak: Euskal Kanten inguruko inprobisazio saio bat da "Piano bat bertsotan". Bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daiteke. Hori frogatu nahi dute “Piano bat bertsotan” izeneko erronka honetan parte hartzen dutenek, baina helburu garrantzitsu batekin… Publikoak %100ean parte hartu behar du ekimenean. Nola? Publikoa bera izango da gai jartzailea. Entzuleak, aretora sartu ahala, orri txuri batean kontzertuan entzun nahi dituen euskal kantak idatzi behar ditu. Modu horretan, inolako trikimailurik gabe, musikariek momentuan ateratako kanta jo beharko dute. Zuzeneko inprobisazioa, ez dago ezer prestatua, publikoak erabakiko du gau horretan zer entzun eta abestu nahi duen.
Sarrerak: 7€ egunean bertan. Aldez aurretik 6€ Bordatxo, Artzabal, Lizardi eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 4€tan aldez aurretik, NOAUA!ko egoitzan.


Azaroak 8, larunbata: "Emak Bakia" film emanaldia
Ordua: 19:30.
Tokia:
Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: Man Rayren film batek, “Emak Bakia” izenekoak (‘Utzi bakean’ esateko beste modu bat), bilaketa baten istorioa eragiten du. Miarritzetik gertu, 1926ean filmatutako etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki du oinez abiatzea etxe haren bila. Man Rayk etxandi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi: sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez da erraz gertatuko. Izena ez da artxiboetan agertzen eta egun inork ez du etxea gogoan. Horregatik, laguntzeko eskatuko zaie bestelako berriemaileei, zoriari eta haizeari kasu.
Sarrerak: 7€ egunean bertan. Aldez aurretik, 6€ Bordatxo, Artzabal, Lizardi eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 3€tan aldez aurretik, NOAUA!ko egoitzan.


Azaroak 9, igandea: Pettiren musika emanaldia
Ordua: 19:00.
Tokia:
Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: bere existentzialismotik zirrara sortarazten duten kantuen sortzailea. Ezin aurkitu Euskal Herriko kantautoreekiko antzekotasunik, gure eszenan bakarra baita bai kantatzeko modu ilun trinkoan zein gitarra zarrastatzeko moduan. Petti, azken urteotan Euskal herriko bakarlari original horietako bat.
Sarrerak: 10€ egunean bertan. Aldez aurretik 9€ Bordatxo, Artzabal, Lizardi eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 7€tan aldez aurretik, NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! kultur elkartea.