Artisau festa handia, frontoi eraberrituan

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 1a, 14:55

Sustrai sakonak dituen ekimena dugu azaroko lehen egun honetan ospatu den Artisautza Azoka. Aitzaga Elkarteak antolaturiko hemeretzigarren edizioa ere, jendetsua izan da. Azoka ireki berritan ez zirudien mugimendu handirik zegoenik, baina gerora herritar mordoa hurbildu da frontoi ingurura. Larunbat honetan, azken aldi luzean bezala, kalerako giro eder askoa zegoen eta.  

Bazen zer ikusia. Osteratxoa egitera hurbildu dira asko, baina erosketak egiten ikusi ditugu hainbat lagun. Non aukeratua bazen, eskuz eginiko hamarnaka postuetan; bitxiak, gozoak, harriz eginiko eskulturak, arropa, buruhandien karetak... Egurra lantzen duen artisau baten zuzeneko erakustaldia ikusteko aukera ere izan da.

Elkartasun ekimenen gune
Usain ezin hobea zerion azokari. Frontoira gerturatu denari, ziur kosta zaiola talo goxo askoa dastatzeko tentazioari eustea. Herritar talde bat aritu da, urtero moduan, jo eta su lanean. Usain ederra bakarrik ez, azokak ere bestelako kolorea hartu du aurten. Frontoi eraberrituan ospatu baita ekimena; teilatu berridun eta urdinez margotua dagoen pilotalekuan.

Postuetatik barrena osteratxoa egin, zerbait erosi eta hamaiketako goxoa dastatzeko aukeraz gain, elkartasun gune ere izan da aurtengo Artisautza Azoka. Lehenbizi, antolakuntzak pankarta bidez oroitarazi du Aitzaga Elkartea ze egoeran dagoen. Euskal Herriko beste ehunetik gora elkarteren moduan, etorkizuna kolokan du; Espainiako Auzitegi Nazionalaren erantzunaren zain da. 

Aitzagari elkartasuna adierazteko beraz gaurko azoka. Baina beste hiru ekimenen gune ere izan da azaroaren lehen egun honetako hitzordua. Gaztainak saltzen ibili ohi den lagun koadrila hortxe zen, Dema plaza sarreran. Gaurkoan saldutakoa, Kilometroak 2015 laguntzera bideratuko da. Handik gertu, frontoi sarreran, Nafartarrak taldekoak zeudenn Zuberoako ikastolak laguntzeko, abiatu berri duten gabonetako otarrak saltzeko kanpainarekin. Sutegi atarian berriz, Gure Esku Dago taldekoak, azaroaren 8ko mosaiko erraldoirako atxikimenduak biltzen.

Esandakoa, Artisautza Azoka, artisauen lana ezagutarazi, sustatu, eta elkartasun ekimen gehiago bultzatzeko tartea ematen duen ekimena dugu.