200 usurbildar gutxienez, erabakitze eskubidearen aldeko mosaiko erraldoian

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 10a, 10:15

Debeku eta oztopoen gainetik, 2,25 milioi katalanek parte hartu eta %80ak estatu independentea nahi duela aldarrikatu dute. Hauexek, atzo, galdeketa egitea debekatu ostean, Katalunian ospatu zen parte hartze saioko emaitza nagusiak. Hain zuzen, katalanen erabakitze eskubidearen aurka espainiar estatutik jasotako debekuen harira, katalanei elkartasuna adierazteko, 10.000 lagun bildu ziren larunbatean Donostiako Zurriola hondartzan. Mosaiko erraldoi benetan ikusgarria eratu zuten, peto eta aterkiekin.

Tartean, han eta hemen usurbildarrak. 200 bat lagun gutxienez. Usurbilgo Gure Esku Dago Taldetik hunkituta ageri ziren, aurreko asteetan mosaiko erraldoian parte hartzeko animatu zen jendetzarekin. Eta pozik ageri dira orain. "Zorionak Usurbil! Zorionak Euskal Herria!", sare sozialetatik hitzokin herritarrak zoriondu nahi dituzte. Iragarri dutenez, "hau hasi besterik ez da egin!".