Kulturaldi betean gara

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 10a, 12:25

Kantuan eta film emanaldi batekin joan berri zaigu Kulturaldiko lehen asteburua. "Piano bat bertsotan" emanaldian, publikoa jaun eta jabe izan genuen. Ikus-entzuleek erabaki zuten, ze euskal abesti entzun eta kantatu nahi zituzten. Biharamunean, "Emak Bakia" filma proiektatu genuen. Lan honen zuzendaria Sutegin izan genuen, filmari buruz hizketan. Eta atzo, orain arteko ekitaldi jendetsuena. 60 lagun inguru bildu ziren Pettiren emanaldian.

Kulturaldia hasi besterik ez da egin. Kataluniari buruzko solasaldia, "Desentxufatuak" antzezlana eta Andoaingo Garate estudioraino mendi buelta antolatu ditugu aste honetan. Patxo Telleria eta Mikel Martinezen "Desentxufatuak" antzezlanerako sarrerak aurrez dituzue salgai NOAUA!n, Artzabalen, Bordatxon eta Lizardi liburu dendan. 

   


Bazkidetza egin, eta parte hartu Kulturaldiko sarreren zozketan
Kulturaldiko sarreradun ekitaldietarako txartelak aurrez izango dituzue salgai. Bazkideok merkeago eskuratu ahalko dituzue NOAUA!ko egoitzan. Adi, NOAUA!ko bazkide izateagatik gainera, sarreren zozketan parte hartu ahalko duzue. Larunbateko "Desentxufatuak" antzezlana ikustera joateko bina sarrera bikoitz zozketatuko ditugu ostiralean. Egin beharrekoa, oso erraza da; bidali email bat erredakzioa@noaua.com helbidera, ostirala baino lehen. Ostiralean emango dugu sarituaren berri, atari honetan bertan.

Asteburuan ere bi bazkideek, doan gozatu ahal izan dute Sutegin antolatu ditugun ekitaldiez. Joxemari Rezola izan zen bazkide sarituetako bat. "Piano bat bertsotan" emanaldirako bi sarrera irabazi zituen. Iruditan duzue emaztea, zozketan egokitutako bi sarrerak eskutan dituela.