"Jaurlaritzak ez gaitu mugiaraziko birziklapenaren aldeko gure konpromisotik"

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 20a, 19:13


Azken orduotan jakin denez, Zubietako hondakinen tratamendu planta eraikitzeko baimena berriz tramitatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) halakorik gerta zitekeela ohartarazi zuen duela hilabete eta aurreikuspenak bete dira azkenean. 

Zubietako azpiegiturak eraikitzeko ingurumen baimena berriz tramitatu beharra izateak, lanak atzeratuko ditu. Ondorioak begi bistakoak beraz. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren erabakia oso larritzat jo dute, hedabideen aurrera agertu diren Foru Aldundiko, GHK-ko eta zabortegiak dituzten Azpeitia, Beasain eta Zarauzko alkateek. 

“Eusko Alderdi Jeltzaleak birziklapenaren aldeko apustua egiteagatik zigortu ditu gipuzkoarrak. Zubietako plantak gehiago birziklatzen du aurreko azpiegiturek baino eta horregatik atzerarazi du Eusko Jaurlaritzak. Ondorioak gipuzkoarrek jasango dituzte. Baina argi izan dezaten: Gipuzkoak birziklapenaren bidetik jarraituko du aurrerantzean ere”, adierazi du Iñaki Errazkinek. 

Jaurlaritzak Aldundiaren plana oztopatu nahi duela salatu dute, "hain zuzen ere, birziklapena eta gipuzkoarren jokaera arduratsua zigortzeko. Jaurlaritza ingurumenaren eta hondakinen hierarkiaren kontra ari da. Eta are larriagoa da, EAJ Eusko Jaurlaritza modu partidistan erabiltzen ari delako. Duela lau aste Gasteizera joan ginenean arriskuaz ohartarazi genuen: EAJk tentazioa izan zezakeen Eusko Jaurlaritza erabiltzeko bi helbururekin; Gipuzkoako hondakin plangintza oztopatzea eta Bildu higatzea, hauteskundeei begira. Zoritxarrez, gure susmoa bete egin da. Gipuzkoarrek duela hiru urteko hauteskundeetan eman ez ziotena Jaurlaritzaren bidez lortu nahi du EAJk, eta hori onartezina da”.

Baimena ukatzeko Jaurlaritzak emandako arrazoiak ere ahotan hartu dituzte agerraldian parte hartu dutenek. Aurreko proiektuaren eta egungoaren arteko ezberdintasunak agerian jarri dituzte. "Aurreko TMBra hondakinak nahastuta iristen ziren, eta oraingoan, berriz, gaika sailkatuta. Eta Eusko Jaurlaritzak hori argudiatu du baimena ez luzatzeko; birziklapenaren aurkako erabakia da, argi eta garbi”. Jaurlaritzaren dokumentuak dioenez, aurreko proiektuaren eta oraingoaren arteko ezberdintasun nagusia honako hau da: orain konpostatu egiten direla hondakinak eta lehen, erre. Argudio hori ere erabili du Eusko Jaurlaritzak. “Hondakinen hierarkiaren kontrako argudioak erabiltzen ari dira”, azaldu du Intxaurrandietak. Ildo beretik, aurreko proiektuak 260.000 tonaren balorizazio energetikoa aurreikusi zuela dio Jaurlaritzak eta oraingoak, aldiz, 193.000 tonaren balorizazio materiala. “Zer ari dira zigortzen? Hondakin gutxiago eramatea TMBra, eta gero, hondakin horiek, iherarkiari jarraiki, erre beharrean, materialki balorizatzea? Izugarria da. Ez dute lotsarik”, esan du Intxaurrandietak.

Gipuzkoak azpiegiturak, "beranduago, baina izango ditu"
Halere, hartua duten konpromisotik desbideratzeko asmorik ez dutela diote. Gipuzkoarrak ondo ari direla eta 2016rako finkatua dagoen %60 birziklatze tasara helduko garela adierazi dute. 2014a %45eko birziklatze tasarekin agurtuko omen dugu. “Arduraz jokatu nahi dugu ingurumenarekin, gure orainarekin eta datozen belaunaldiekin. Beraz, EAJk argi izan dezala: azpiegiturak atzeratu ditu eta gipuzkoarrak zigortu ditu, baina horrek ez gaitu zentimetro bakar bat ere mugiaraziko birziklapenaren aldeko gure konpromisotik; Gipuzkoak hondakinak iraunkortasunez eta arduraz kudeatzeko eredu bati dagozkion azpiegitura guztiak izango ditu. Beranduago, baina izango ditu", adierazi du GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak. 

Irudia: Aldundia.

   
Zubietako planta, erantzun integrala hondakinen arazoarentzat
Materia inertizatuarentzako Zestoako gordetegiarekin batera, hondakinen zikloa ixteko funtsezkoa izan eta hondakinen arazoari erantzun integrala eta iraunkorra emango dion planta izango da Zubietakoa, GHK-ren esanetan. Europako Batasunak hondakinen kudeaketari lotuta gomendatzen duen hierarkiarekin bat eginez, materialak berreskuratu eta birziklatzeari lehentasuna emango zaio. Eta erraustegiak baino ingurumen inpaktu askoz txikiagoa izango omen du ingurumenean, "hemen ez baita emisio kutsakor eta arriskutsurik sortuko eta alemaniar araudiaren arabera diseinatu da (Dep V, 2009), hauxe baita Europan dagoen araudirik zorrotzena ingurumen-inpaktuak minimizatzeari dagokionez". Azpiegitura berriokin, Gipuzkoa legeak debekatzen dituen zabortegi kutsakorrak ixten lehen herrialdea izango dela gogorarazi dute erakunde GHK-tik.

Honatx, erraustegia eraiki behar zuten lekuan eraikiko duten plantaren zenbait ezaugarri:  

ZUBIETAKO HONDAKINEN ZENTROA 

Gastua
71 milioi euro.  

Eraikitze lanen iraupena (aurreikusia zegoena)
Hasiera: 2014ko azaro amaieran, "proiektua osatzeko eta lursailak egokitzeko epeak" igaro ostean.
Bukaera: 2015eko udazkenean.

Azpiegiturak
-Tratamendu mekaniko-biologikorako planta.
-Konpostatze planta. 

Berezitasunak
-Azpiegitura moldagarriak izango dira. Garaian garaiko beharretara egokitu ahal izango dira.

Hondakinak birziklatzeko gaitasuna
-Tratamendu mekaniko-biologikorako plantan:
     15.000-20.000 tona ontzi arin eta plastiko.
     10.000-15.000 tona paper eta kartoi.
     8.000-10.000 tona beira.

-Konpostatze plantan: gaikako bilketatik jasotako organikotik A+ kalitateko konposta egin eta ongarri gisa merkaturatuko da. Tratamendu Mekanikoko plantatik jasotako organiko zikina tratatuko da baita. Eremu hondatuak berreskuratzeko erabiliko da. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan gauzatu asmo duen plangintzaren inguruko informazioa, hemen:
Foru Aldundiaren plangintza

Irudiak: GHK.