Usurbilgo eragile feminista berriak deituriko lehen ekitaldiak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 21a, 13:17


Indarkeria sinbolikoa eta mikromatxismoak hizpide zituen hitzaldi batekin, hasi dira Usurbilgo Eragile Feminista sortu berriak antolaturiko ekitaldiak. Egitarau zabala prestatu dute, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren bueltan. Lehen ekitaldiak asteburu honetan bertan. Albiste honetan beherago duzue, agenda osoa. Mobilizaziotarako hautatu duten aldarria, Euskal Herriko Bilgune Feministak egunotako ekimenei begira baliatuko duena; “Autodefentsa feministaz lehertu!”.

“Botere sistema honek sortzen duen indarkeria sexistak ez du etenik. Dagoeneko hiru dira aurten Euskal Herrian eraildako emakumeak. Era berean, larritzat jotzen ditugu gazteen arteko harreman sexu- afektiboetan indarkeria sexista hazten ari dela erakusten duten azken ikerketak ere edota lan sektore feminizatuetan ematen ari den prekarizazioa. Kasu hauek izebergaren punta besterik ez dira. Honek erakusten du sistemak forma aldaketak egiten dituela, egoera eta eszenatoki berriak sortu; baino erroko genero egiturak bizirauteko gaitasun handia dauka, oinarrizko hierarkia eta zapalkuntzak mantenduz. Hala, feminismoaren bidean eta autodefentsa feministaz erantzuteko gure hautua berresten dugu. Beti bezain garrantzitsua da gure borroka, inoiz baino beharrezkoagoa”, ohartarazten dute Bilgune Feministatik kaleratu duten agirian.

Adierazpen osoa, hemen: Euskal Herriko Bilgune Feminista



   
Ekimenak

Aurkezpen ekitaldia, elkarretaratzeak, proiekzio, tailer eta hitzaldi bana antolatu ditu Usurbilgo Eragile Feministak:

Azaroak 22, larunbata
10:00
 Maskulinitate tailerra gizonezkoentzat Potxoenean. Hizlaria: Iosu Isasias. Antolatzaileak: elkarlanean, Zarauzko Gizon Taldea eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.

Azaroak 23, igandea
18:00
 Sutegiko auditorioan: “Las mujeres de verdad tienen curvas” film proiekzioa.
Ondoren, solasaldia.

Azaroak 25, asteartea: Emakumeon Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna
18:00
 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, “Autodefentsa feministaz lehertu!” aldarripean.

Azaroak 30, igandea: Erle Eguna
13:00 
Usurbilgo Eragile Feministaren aurkezpena eta elkarretaratzea frontoian, “Autodefentsa feministaz lehertu!” aldarripean.

Abenduak 13, larunbata
Ondarrun, “Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!” lemapean ospatuko diren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak ekimenera joateko deia. Alternatiba eta trantsizio feministaren inguruko eztabaida burutuko da bertan. Umeak dituztenentzako oharra; haurtzaindegi zerbitzua egongo da.

Antolatzailea: Usurbilgo Eragile Feminista.