Espetxean 25 urte daramatzan "Xomorro"ri buruzko solasaldia 19:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 20a, 06:19

Aspaldi behar zuen kalean, baina espetxean segitzen du. 25 urte darama kartzelan Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak. 1991ko abuztuaren 17an atxilotu zuten 28 urterekin. "Atxiloaldian tortura eta tratu txarrak jasan zituen baina inoiz ez ziren ikertuak izan", Usurbilen Nahi Ditugu taldetik aditzera eman dutenez. Gerora, "bi bider jipoitua izan zen (1992an eta 1993an) kartzeletako lekualdaketetan. Salaketa haiek ere artxibatu eta ez zituzten ondorio judizialik izan". Geroztik, gutxieneko eskubideak aldarrikatzeko ere gose greba, planto eta hamaika protestaldi egin behar izan ditu aginagarrak. "Ondorioz, parte ugari bildu eta bere kondena luzatu egin diote", Usurbilen Nahi Ditugu taldearen esanetan.

Egun 53 urte ditu. Tarte honetan, lau espetxe ezagutu ditu; Carabanchel, Alcala, Valdemoro eta Herrera de la Mancha. Herreran eman ditu urte gehienak; gaur egun, urtebete barrurako, 2017ko martxorako finkatu du espetxetik irteteko data. Baina aipatu moduan, lehenago behar zuen kalean. Lege arrunta aplikatu baliote, baldintzapeko askatasunean izateko eskubidea zuen duela 10 urte. "Gerora ere atzeratu diote bere askatasuna, zehazki, 2015eko martxorako irteera data baitzuen, baina legean egindako moldaketek beste bi urtez luzatu zioten espetxealdia", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik adierazi dutenez.

Ikasi edota eskulanak egiteko etengabe izan ditu trabak. Halere, bere alderdi sortzailea garatu ahal izan du, bereziki egurra zizelkatzen edo bertso eta poemak idazten. Ezagunak ditugu Aginaga eta Usurbilgo jaietarako idatzi izan dituen bertsoak. "Bere bertso eta poemekin liburuxka bat argitaratu zen 2007an eta Ateramiñeko sailan ere bere lanak argitaratu izan dira", Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak gogorarazi digunez.

Duela bi urte, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakien ildotik, epaitegietan beren herritik gertuen dagoen espetxera eramana izateko eskaera egin zuen 2014ko ekainean "baina helegite guztiak atzera bota ditu Audientzia Nazionalak". Orain, 2017ko martxorako du irteera.

Espetxean 25 urte bete ditu Xabier Aranburuk. Urtemugaren harira, Xomorroren lagunek eta Usurbilen Nahi Ditugu taldeak, bi ekimen antolatu dituzte egunotarako:

"Xomorro" 25 urte espetxean

Apirilak 20, asteazkena

19:30 Batzar-topaketa Potxoenean: Xabier Aranburu "Xomorro" preso aginagarrak 25 urteotan izandako gorabeherak ezagutu eta gogoratzeko bideo emanaldia eta solasaldia. "Bertan izango dira senide, lagun, eta baita ere Xomorrorekin urte askotan Herrera de la Manchan egondako bi preso ohi. Denen parte hartzearekin, alde politiko edo errepresibotik ez ezik, alde humanotik ere bere egoerara hurbiltzea ahalbidetuko dugu. Beraz, deia zabaltzen diegu herritar guztiei bertaratu daitezen".

Apirilak 22, ostirala

21:00 Harpidetza afaria Aitzaga Elkartean: "herriko presoei euskal prentsa helarazteko urteroko harpidetza afaria egingo da Aitzaga Elkartean, barrikotearen menuarekin".

Izen ematea: txartelak aurrez salgai, 20 eurotan Aitzaga tabernan. 14 eurotan ikasle eta langabeek.

Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Xomorroren lagunak.