Usurbilek adinekoen egoitza izateko beharrezko gestioak egitea eskatu diote Udalari

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 10:06

65 urtetik gorako zergapeko 1.026 herritar ditu Usurbilek. 300 bat lagunek lehen, bigarren edo hirugarren mailako ezgaitasunak dituzte. 18 erabiltzaile ditu Eguneko Zentroak, beste 4 usurbildar herritik kanpora joan beharrean aurkitzen dira. Beste 12 lagun daude Puntapax Eguneko Zentrorako itxarote zerrendan. 14 bizilagun adinekoen egoitza ezberdinetan sakabanatuak daude, beste 4 itxarote zerrendetan. Donostialdeak 300 plaza baino gehiagoko defizita du.

Datuokin udalerri honek duen begi bistako gabezia agerian utzi nahi izan dute Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek. Hiru elkarteok mozio bat aurkeztu zuten atzoko osoko ohiko bilkuran. Aipatu datuen berri ematearekin batera, udalerri honek adinekoen egoitza falta duela eta horixe eskatu zioten mozio bidez Usurbilgo Udalari; “beharrezko gestioak egin ditzala, bai Aldundiarekin eta baita Matia Fundazioarekin beharrezko zerbitzuak garatzeko Txara-gaina deritzon zonaldean, edukiera egokiduna eta beharretara egokitua”.

Mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak. 2.375 herritarren sinadura ere bildu dituzte jubilatu elkarteok. “Arazo oso larria da”, zioen udalbatza aretoko osoko bilkurara gerturatu ziren jubilatu elkarteetako ordezkarietako batek. Gai honen jarraipena egitea eskatzen zuten, “nahiz guretzat ez izan, ia gure ondorengoentzat lortzen den” adinekoen egoitza izatea, zioen.

Udalak egunotarako biltzea eskatua du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Jasotako sinadura eta mozioaren berri ematekoa da Usurbilgo Udala hitzordu horretan. Eskaeron alde egiteko konpromisoa bere gain hartu zuen udal gobernu taldeak astearteko osoko ohiko bilkuran.

Saiakerak aspaldikoak, presazko gai honetan

Udalbatzak aho batez onarturiko mozioak gogoraratzen duenez, Usurbilek adinekoen egoitza izateko hamaika saiakera egin ditu iraganean. 80. hamarkadan lautan ahalegindu zen Udala. Gerora, 2010. urtean heldu zitzaion berriz gai honi. “Matia Fundazioak Kalezarko komentuaren itxiera medio, honako ezaugarridun proiektua aurkeztu zuten: 151 plazako zaharren egoitza, 50 plazako eguneko zentroa eta finantzaketa laguntzeko 35 etxebizitza Txara-gainako lursailean”.

Ordutik Aldundiarekin hainbat negoziaketa egin dira nahiz ez duten emaitza argirik izan. Eguneko Zentroko plaza kopurua handitu den arren, ez da aski herri honek dituen beharrei erantzuteko, eta gaurkoz Aldundiak ez du diru partidarik aurreikusten Usurbilen adinekoen egoitza eraikitzeko. Presa du gaiak. Hainbat etxeetan mendekotasun egoeran diren hainbat adineko herritar daude, eta beraien zaintzaren ardura senideen, bereziki emakumeen esku dago.