Narciso Arrillaga, Zubietako alkate berria

Noaua Aldizkaria 2017ko uzt. 10a, 10:55

Narciso Arrillaga izango da hurrengo bi urteotan, 2017-19 tartean, Zubietako alkate berria. Igande eguerdian hartu zeun kargua, Kaxkapen ospaturiko ekitaldian. Bertan izan ziren Zubietako Herri Batzarreko gainerako kideak, tartean noski, 2015eko udal hauteskundeen ostetik alkatetzan izan den Joxe Mari Zubimendi bera. Eta haiekin, Usurbil eta Donostiako alkateak, Xabier Arregi eta Eneko Goia hurrenez hurren.

Legegintzaldia ere erdibitua

Dakizuenez, Zubieta, administratiboki bi udalerrien artean erdibitua egon arren, erakunde propioa du; Usurbil zein Donostiako lurretan bizi diren zubietarren ordezkariez osaturiko Herri Batzarra. Administratiboki herria bera bezala, lau urteko legegintzaldia, bitan zatitua du Zubietak. Lehen bi urteetan Usurbil aldetik 2015eko udal hausteskundeetara aurkezturiko hiru hautagaietatik bozkatuena izan dute alkate; Joxe Mari Zubimendi.

Hurrengo bi urteotan, 2015eko udal hauteskunde haietara Donostia aldetik aurkezturiko beste hiru hautagaietatik zubietarren boto gehien jaso zituena; Narciso Arrillaga. Ondoko irudian dituzue, aipatu duela bi urteko bozketa haietan udalerri bakoitzetik aurkeztu ziren hiruna hautagaiak eta hautagai bakoitzak jaso zuen babesa. Sei kideok, Usurbil eta Donostia aldeko hiruna ordezkariok osatzen dute egun, Zubietako Herri Batzarra:

2015eko maiatzeko udal hauteskundeak

Usurbil aldeko hautagaien emaitzak:

Aizpea Aizpurua Arroyo 51

Itziar Basterrika Unanue 53

Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta 64

Donostia aldeko hautagaien emaitzak:

Narciso Arrillaga Balda 67

Mikel Bengoetxea Iparragirre 60

Fernando Iturralde Zabala 55

Emaitzak aintzakotzat hartuta, 2015-19 legegintzaldian Zubietako Herri Batzarreko alkate izango dira:

2015-17 artean: Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta.

2017-19 artean: Narciso Arrillaga Balda.