"Usurbil eta Sagardoaren historia" hitzaldia gaur, 6. Sagastiak Loretan zikloaren baitan

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 25a, 10:00

Xabier Alberdi historialariarekin Usurbil eta sagardoaren iraganean, historian murgiltzeko aukera izango dugu astearte honetarako (irailak 25) 19:30etan Sutegin antolatu den hitzaldiarekin. 6. Sagastiak Loretan zikloaren baitan antolatu da hitzordu hau eta aste osorako beste ekitaldi guztiok:

6. SAGASTIAK LORETAN

Irailak 24-30, astelehenetik igandera

Sagar erakusketa iraunkorra Sutegiren erakusleihoan. 

Zehaztasunak: "Sagardotarako erabiltzen ditugun 115 barietateren artean aukeraketa ikusgai". 

Irailak 25, asteartea

19:30 Hitzaldia Sutegiko auditorioan: "Usurbil eta Sagardoaren historia".

Zehaztasunak: "Usurbil eta Sagardoaren historiari buruzko hitzaldia Xabier Alberdi historialariaren eskutik. Usurbilgo herriari izaera ematen dion edaria da Sagardoa. Historia ezagutu nahi?". 

Irailak 26, asteazkena

19:30 Sagar dastatzea Sutegin.

Zehaztasunak: "Jakoba Errekondo eta Gabriel Durrutyren eskutik sagar dastatzea egingo da. Sagardotarako sagarren ezaugarriak ezagutu ahal izango ditugu, euskal sagar barietateen nondik norakoak azalduz". 

Irailak 27, osteguna

19:30 "Sagarrari sukaldea dario" saioa Aitzaga Elkartean.

Zehaztasunak: "Dani Lasa, sukaldari ikertzailearen eskutik. Zuztarretik hazietaraino, sagarrak makina bat aukera eskaini diezaizkiguke sukaldean. Fruitua, ozpina edo sagardoa bera, osagai erakargarriak dira platera gozo zein gaziei gure lurraren nortasuna kutsa dakiegun. Errezeta eta ideien errepaso praktikoa egiteko aukera".

Irailak 28, ostirala

19:30 "Sagardoa bidegile" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.

Zehaztasunak: "Urtean lau hilabetez, urtarriletik apirilera, euskal sagardotegiek milaka pertsona erakartzen dituzte, bertokoak zein kanpokoak. Tradizioa bete nahi dute denek: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta jatea, eta txotxera deitzen duen ahotsa entzundakoan sagardoa edatea. Tradizio modernoa da hau, baina erro sakonak ditu. Dokumentalak bidaia moduan azalduko digu tradizio hau: ibilbide geografiko, kultural, teknologiko eta gastronomikoa izango da, ezustekoz betea".

Irailak 29, larunbata

20:00 Euskal Herriko 4. Sagardo Txapelketa herrikoiaren finala Usurbilgo frontoian.

Zehaztasunak: "Usurbilgo herria eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik. Afalduz, Euskal Herriko beste herrietan sailkatu diren 12 sagardo dastatuko dituzu, eta norberaren iritziaren arabera erabakiko da zein den aurtengo txapelduna. Txartelak salgai jarriko dira abuztuaren azken astetik aurrera Usurbilgo ohiko lekuetan eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean: info@sagardoa.eus - 943 336 811

Egitasmoaren sustatzaileak: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba; NOAUA! K.E.; Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak; Sagardoa Route, gure jatorria; Sagardoaren Unibertsitatea; Usurbilgo Udala.