Mendi Astea, ezkutaketa topaketa eta kirol hitzordu gehiago asteburuan

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 08:00

 

Euskaraldiarekin bat egiten zuen ondoko atxikimendu argazkia aterata abiatu zuten bart, Usurbilen azkena izan daitekeen Mendi Astea. Azkena diogu, uda amaieran iragarri bezala, 2018rako iragarriak dituzten konpromisoak beteta, 2010. urteaz geroztik 8 urtez lanean jardun duen Andatza M.K.T.-ren zuzendaritza taldeko kideak mendizaleen bilgunea uztera baitoaz. Kide berriak taldera batzeko deialdia egina dute. 

 

“Andatza Mendi taldea 160 bazkideek osatzen dugu, eta mendi zaletasunak bere bidea jarraitu dezan, zuzendaritza berri bat aurkeztea beharrezkoa da. Beraz, Andatzako ildoa jarraituko duen taldetxoa osatzea animatzen dizuegu eta erreleborako  gaur eguneko zuzendaritza taldearen laguntza izango duzue”, adierazi dute Andatza M.K.T.-.tik. 

 

Aipatu moduan, ostegun iluntzean abiatu zuten Mendi Asteak jarraipena izango du asteburuan. Gogoan izan bestalde, Zirimara eskola-kiroleko egitasmoak 1. Familia ezkutaketa topaketa antolatu duela igandeko Erle Egunerako. Eskubaloi eta futbol neurketak ere izango ditugu, Oiardo Kiroldegian eta Jaraneen hurrenez hurren. 

 

Kirol hitzorduz josia datorkigu asteburua:

 

ASTEBURUKO KIROL AGENDA

FUTBOLA HARANEN

Azaroak 24, larunbata

09:30 Alebin mutilak:

Udarregi 5A-Udarregi 5B

Udarregi 6A-Udarregi 6B

10:30 Infantil neskak: Usurbil-Añorga B

11:45 Infantil mutilak: Usurbil B-Urnieta

13:30 Kadete neskak: Usurbil F.T.-Urnieta K.E.

15:45 Jubenilak: Usurbil F.T.-Euskalduna S.D.

 

ESKUBALOIA KIROLDEGIAN

Azaroak 24, larunbata

Eskola Kirola

09:30 Alebin neskak:

Udarregi 6D-Urnieta 6B

Udarregi 6A-Udarregi 6B

10:30 Infantil neskak: Udarregi B-Bera Bera

11:45 Infantil mutilak: Udarregi A-Bergara

 

Usurbil K.E.

16:00 Kadete neskak, Territoriala: Usurbil K.E.-Aiala A.

17:30 Jubenil neskak, Territoriala: Usurbil K.E.-Zaisa Bidasoa A.

19:00 Kadete mutilak, Territoriala: Usurbil K.E.-Egia Indaux

 

MENDI ASTEA

Azaroak 23, ostirala

19:00 "Aizkora hotsak goi mendietan" ikus-entzunezkoaren proiekzioa Sutegin. Sarrera doan.

“Bidaia bat, bi helburu eta hiru pertsonaia. Alex Txikon eta Xabier Erro mendizaleak, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariarekin batera, Euskal Herritik Pakistanerako bidaia egingo dute autoz. Azkeneko helburu bat jarraituko dute: furgoneta Felix Baltistan Fundazioari ematea, Karakorumean. Abentuaren bitartean aizkora-erakustaldi bi egingo dituzte euskal kultura ezagutarazteko, eta kontakizun horrekin batera, beste istorio bat. Alex Txikon kirol-erronka garrantzitsu batean murgilduko da: 8.000 metrotik gorako menditzar biren tontorra jotzea, G-1 eta G-2, eta K-2ra igonda espedizioa biribiltzea. Istorio bi; desberdinak, baina pertsona baten bitartez elkarren artean lotuta. Dokumentalak 2011ko Mendifilm Festivalean euskaraz egindako pelikula onenaren saria irabazi zuen.

 

Azaroak 25, igandea

07:30 Alkiza-Hernio-Asteasu mendi irteerara autobusez Oiardo Kiroldegitik.

Ibilbidea: 19 kilometro.

Izen ematea: 30 euroko (bidaia+bazkaria) ordainketa egin azaroaren 21a baino lehen, kontu zenbakiotako batean:

Rural Kutxa: 3008 0259 1630 0543 0321.

Kutxabank: 2095 5069 0710 6848 9805.

 

Abenduak 4, asteartea

19:00 ON Produkzioak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak ekoitztako “Aralar, mundua leku den lurra” proiekzioa Sutegin. Sarrera doan. “Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro honen balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten dute”.

 

Oharrak:

-Plaza kopuru mugatua.

-Ibilaldia amaitutakoan, otordua Asteasuko Iturriondo jatetxean egingo da.

-Andatza M.K.T.-k antolaturiko irteeretan parte hartzeko derrigorrezkoa da mendiko federatua izatea eta aseguru txartela indarrean izatea. Federatu gabe dagoenari tramitea egingo zaio, hala nahi badu. Horretarako web orrian aurkitzen da egin beharrekoa, edo jarri bestela harremanetan taldearekin, andatza@hotmail.com helbidean.

 

Informazio gehiago: andatza.com

Antolatzailea: Andatza M.K.T.

 

1. FAMILIA EZKUTAKETA TOPAKETA

Zirimara eskola-kirola egitasmoko hezitzaileek lehen familia ezkutaketa topaketa antolatu dute, igande honetan (azaroak 25) ospatuko den Erle Egunerako. “Topaketa honetan familiako edonork parte har dezake, familia plana da”, ohartarazi dute.

 

Ezkutaketan taldeka jardungo dute. Honenbestez, taldeko kideek batera ibili beharko dute, elkarrekin ezkutatu. “Talde bateko gutxieneko partaide kopurua, heldu bat eta haur bat izango dira. Hortik aurrera, edozein konbinazio onartuko da: 2 heldu eta haur bat, heldu bat eta 3 haur, 2 heldu eta 2 haur, 5 heldu eta 8 haur…”.

 

Ezkutatzeko eremua Kaxkora mugatuko da. Kale Nagusia, Irutasuna kalea, San inazio eta Zubiaurrenea kaleek osatzen duten lauki formako ingurunetik ezingo da atera. “Kalean (aire librean) ezkutatu beharko da”, ez inongo leku estalietan. Ezkutaketan aritzeko dinamika honakoa izango da. “Hiru hezitzaileko taldeak 3 minutu itxarongo du frontoian eta denbora tarte hori pasatzean partaide-taldeak bilatzen hasiko da. Talde bat aurkitzen dutenean, talde hori frontoira gerturatuko da eta bertan dauden gainerako hezitzaileek aurpegian bi pintura-markatxo egingo dizkiete, “bilatzaile” bihurtuz”. Jolasa talde guztiak aurkitzean bukatuko da, edo bestela, jolasa hasi eta ordu erdira. “Anima zaitezte eta etorri guztiok ezkutaketan jolastera!”.

 

1. Familia ezkutaketa topaketa

Azaroak 25, igandea

11:30 Frontoian elkartu. Ezkutaketa jolasaren azalpena.

12:00 Lehen ezkutaketa saioa (partaideek 12:30etan frontoira agertu beharko dute).

12:30 Bigarren ezkutaketa saioa (partaideek 13:00ean frontoira agertu beharko dute).

13:10 aldera, parte hartzaile guztien familia argazkia.

 

Antolatzailea: Zirimara eskola-kiroleko proiektuko hezitzaileak.