Usurbilgo jaietarako ekarpenak egiteko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 11a, 18:52

Egutegi aldetik ez da aldaketarik aurtengoan. Jai Batzordeak otsailaren 5ean eginiko lehen bileran finkatu zituen Usurbilgo jaien egunak; zenbat eta zeintzuk izango diren. 2019ko Santixabelek bost eguneko iraupena izango dute, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditugu.

Egunak finkatuta, antolaketa prozesuari buruz luze zabal jardun zuten lehen bilera honetan parte hartu zuten herri eragileetako ordezkari ezberdinek. Azken urteon ildo beretik, orri zuri batetik abiatu eta bideratu nahi dituzte Santixabeletako prestaketa lanak. Herritik herriarentzat, eta Jai Batzordearen altzoan, elkarlanean.

Orri zuri horren abiapuntua, ekarpenak biltzea izango da. Joan den asteko bileraren ostean, zer nolako festak izan nahi ditugun hausnartzeko hiru asteko epea zabaldu zuen Jai Batzordeak. Gogoeta prozesu hau herriko taldeetara zabaldu nahi dute, baina ez soilik herri eragileen eremura, haratago baizik; plazara, jendartera. Santixabelei buruz pentsatu eta hitz egitea sustatu nahi dute herrian. Eta hausnarketa zein elkarrizketa prozesu honetatik datozen festetarako ekarpen eta proposamenak biltzea.

 

Hurrengo bilera, otsailaren 27an

Asteotan herriko taldeetan, kalean, jendartean bildutako proposamen eta ekarpen guztiok Jai Batzordearen bigarren bileran aurkeztu eta aztertuko dituzte. Hemen hitzordua; otsailaren 27an bilduko da berriz Jai Batzordea, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Proposamenok aurkeztu eta gutxinaka, egitarauan kokatzen hasi asmo dute bigarren saio horretan. Gogoan izan, batzorde hau dela festen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko gunea. Bilera hauek irekiak izan ohi dira, festen antolakuntzan parte hartu nahi duen herri eragile eta herritar ororentzat.