Udal taldeak 2019ko aurrekontuei buruz, gaurko udalbatzarraren osoko bilkuraren atarian

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 20a, 06:45

 

2019rako udal aurrekontuak hasieraz onartzeko udalbatzarraren ezohiko osoko bilkura deitu dute ostegun honetarako (abenduak 20) 18:00etan pleno aretoan. Beste gaien artean honenbestez urte berrirako diru kontuak hartuko dituzte ahotan. Hitzordu honen atarian mintzatu dira EAJ eta EHBildu udal taldeak.

 

EAJ-ren ekarpenak

Auzoka eta sektoreka aurkeztu du udal gobernu taldeak 2019rako udal aurrekotuen zirriborroa. Saio guztiotan herritar nahiz eragileen ekarpenak biltzen aritu da. Udal barruan ere oposizioko kideek ekarpenak egiteko tartea zabalik izan dute. Gero horiek denak Ogasun Batzordean aurkeztu zituzten. EAJ-k ohar bidez berri eman duenez, lau proposamen aurkeztu eta defendatu zituen saio hartan. “Usurbilgo sarrera berrantolatzea, kirol instalazio estalia gauzatzea, Kalezar auzoko errepidearen zatia urbanizatzea eta ikastetxe publikorako zorua bideratzea”, jeltzaleek ohar bidez zehaztu dutenez.

 

Ekarpenok udal gobernu taldeak aurkezturiko aurrekontuen zirriborroa aberastea dute helburu, eta ekarpenok “onartuko balira, gure aldeko botoa emango genieke, sinesten baitugu usurbildar guztion bizi kalitatea hobetzeko izango direla”.

 

Lau proposamenon xehetasunak plazaratu ditu EAJ-k ohar berean. N-634 errepideko sarbideari dagokionez, EAJ-ren esanetan Donostia aldeko sarbidea ez da egokia eta hobekuntza nabaria eskatzen du. “Biribilgune baten bidez trafikoaren abiadura murriztuko litzateke eta Atallu industrialdera bizikletaz zein oinez joateko bidea gauzatu daiteke. Horretarako, aurrekontuetan proiektua idazteko partida bat jasotzea proposatzen dugu”.

 

Kirol instalakuntza estalia eraikitzea ere proposatzen dute jeltzaleek, Oiardo Kiroldegia txiki geratu eta kirol jarduera ezberdinetan aritzeko txanda eskatu behar dela ohartarazita. “Egoera honen berri denok gara jakitun baina azken lau urte hauetan udal gobernuaren aldetik ez da ezer proposatu. Horregatik beharrezkoa iruditzen zaigu lehentasuna ematea behar bezalako instalakuntza estali bat eraikitzeari kirolak zein aisialdiko soinketa egiteko. Lehen urratsa, aurrekontuetan proiektua idazteko kopuru bat jartzea litzateke, tokiak proposatzea, hala nola futbol zelai txiki pareko enparantza borobilean edota ikastola aurreko Gernika ibilbideko eremu zabalean eta jarraian beste erakundeen laguntza lortzea”.

 

Haur Eskola eta Eguneko Zentroaren parean etorkizunean eraiki asmo dagoen adinekoen egoitza aldera doan Kalezarreko errepidea urbanizatu eta argiztatzea ezinbestekotzat jotzen du EAJ-k, joan etorriak erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen. Proposamen honek aurrekontuetan islada izatea galdegiten dute.

 

Azkenik, ikastetxe publikoa eraikitzeko zorua jartzea defendatzen dute. “Jakitun gara guztiok aukeratzen ditugun eta ordekatzen gaituzten erakunde publikoen lehentasuna osasun eta hezkuntza sare publikoa bermatzea dela eta horrexegatik ulergaitza egiten zaigu gure herriak ikastetxe publikorik ez izatea. Gaur egun dagoen bakarra ikastola elkarteko ikastola da. Ildo horretan aurrekontuetan islatu nahi dugu hutsune hori eta udal gobernuari exijitzen diogu dakiokeen erantzuna emateko (lurzorua eskuratuz, eremua hiriztatuz…) partida bat jasotzea aurrekontu hauetan”.

 

 

 

 

EHBildu: “EAJren proposamenak aurrez jasota daude”

Abenduaren 20ko osoko bilkuran bozkatuko da 2019rako aurrekontu-proiektua. Zer nolako babesa jasoko duen ikuskizun dago baina gai batzuetan sintonia berean dira EHBildu eta EAJ. Sintonian, eta aldarte onean.

 

 

 

 

EAJ-k mahaigaineratu dituen lau egitasmoak “neurri batean edo bestean, udal-gobernuaren gobernu-programan eta plangintzetan” jasota daudela dio EHBilduk. “Beraz, pozten gara, norabide berean ari garelako arraun egiten bai udal-gobernua, bai oposizioko alderdi nagusia. Ez gaude, hortaz, urrun: hainbat eta hainbat proposamenetan bat egiten dugu. Beraz, abiapuntu egokia da 2019rako udal-aurrekontuetan adostasuna lortzeko”.

 

Usurbilgo sarreraren berrantolatzea EHBildu bat dator aurreko astean orriotan EAJ alderdiak egin zuen proposamenarekin. “Bat gatoz hausnarketa eta diagnostiko horrekin, baita proposatzen duten konponbidearekin”. Legealdi honetan burututako Kale Irekiak parte hartze prozesuan landutako egitasmoarekin bat egiten duela dio Xabier Arregik zuzentzen duen udal gobernuak. “Ondorioz, Mugikortasun Planean jasota geratu da Ostapeko sarreran biribilgune bat egiteko egitasmoa”. Biribilgune horrek N-634 errepideak Usurbilen eragiten dituen hainbat arazo ere konponbidean jarriko lituzkeela dio EHBilduk. “Kontua da N-634 errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa dela eta hari dagokio, horrenbestez, proiektu hori idaztea eta gauzatzea”. EHBilduk ezinbestekotzat jotzen du konpromiso hori lortzeko, herri-estrategia komuna eratzea. “Bide horretan EAJ ere bidelagun badugu, askoz hobe. Diputazioaren aldetik proiektu hori gauzatzeko borondaterik ikusiko bagenu, udal-gobernu honek bere eskutan dagoen guztia egingo du ahalik eta azkarren gauza dadin”.

 

 

 

 

 

 

 

Kirol azpiegiturak

Oiardo Kiroldegiak 30 urte ditu eta hainbat arlotan zaharkituta geratzeaz gainera, txiki ere geratu da. “Zorionez, kirol-eskaintza handia da gure herrian eta herriko kirol-taldeekin dugun etengabeko harreman eta elkarlanaren ondorioz, gaur egungo kirol-instalakuntzen erabilera ondo antolatuta eta koordinatuta dago”, hala dio EHBilduk NOAUA!ra igorri duen prentsa-oharrean. 

 

 

 

 

2019ko aurrekontuetan diru-partida bat jasota dagoela gogorazi du, “inbertsioen atalean, kiroldegiko kanpoko futbol-zelaiko belar artifiziala berritzeko. 50.000 euro bideratuko dira horretarako. Beraz, hobekuntzak progresiboki eta arrazionalki egin ditugu, modu orekatuan, eta asmo horretan jarraituko dugu”.

 

Udarregi Ikastolak, bestetik, goiko eraikineko patioan dagoen frontoia estaltzeko asmoa du eta “Udala bidelagun izango dute”.

 

 

 

 

 

Ikastetxe publikorako zorua

EAJk ikastetxe publikorako lurzorua gordetzea eskatu du. EHBilduren esanetan, “hori ez da aurrekontuetan zehazten den gaia. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) zehaztu beharko litzateke, hala erabakiko balitz”.

 

 

 

 

 

EHBilduk hala ere, ez dio gaiari bizkar eman nahi: “eztabaida interesgarria iruditzen zaigu Usurbilen hezkuntza ereduaz eta publikotasunaz hitz egitea. Hain zuzen, helburu horrekin sustatu genuen aurreko legealdian Usurbilgo hezkuntza-ereduaren gaineko parte-hartze prozesua herritarrekin eta herriko hezkuntza-komunitatearekin batera. Prozesu horretan gai izan ginen adosteko zer-nolako hezkuntza-proiektua garatu nahi dugun Usurbilerako”.

 

EHBilduk parte-hartze prozesuan adostutako printzipioak ekarri nahi ditu gogora: “herri-hezkuntza proiektu euskalduna, irekia, parte-hartzailea, berritzailea, inklusiboa, euskal curriculuma oinarri izango duena, Usurbili lotua eta Usurbilen errotua eta usurbildarren beharrei erantzungo diena”.

 

“Pikaolan eta Kalezarren 700.000 euro inbertituko dira”

EHBilduren esanetan, 2019ko aurrekontuetan 250.000 euro aurreikusi dira Kalezarreko errepidea hobetzeko. “EAJk dio Haur Eskolara doan bidea hobetzeko diru-partidarik ez dela jasotzen baina hori ez da zuzena”.

 

 

 

 

 

 

 

Kale Irekiak prozesuan landu ziren sei egitasmo gauzatuko dira 2019an eta, tartean, Haur Eskolako bidea hobetzea.

-Olarriondoko urbanizazioa-Ugarte alderako segida: 249.087 euro.

- Pikaolako zati baten urbanizazioa: 200.000 euro.

- Pikaola-Saizar espaloia: 162.000 euro. 

 

 

 

 

 

 

 

“Ez genuke aipatu gabe utzi nahi, horretaz gainera, beste 100.000 euro bideratuko direla Pelaioenearen egitura eta teilatua birgaitzeko”. EHBilduren esanetan, “Kalezarren inbertsio potoloak egingo dira datorren urtean”.