Euskaraldia

Talde berria du Andatzak, 2019rako mendiko federatu txartelak tramitatzeko

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 26a, 08:21

Uda amaieran iragarri zuen Andatza M.K.T.-ren egungo zuzendaritzak. 8 urteko ibilbidearen ostean, 2018rako iragarriak zituzten konpromisoak beteta, taldea utziko zutela. Erreleborako deia egin zuten. "Andatzako ildoa jarraituko duen taldetxoa osatzea animatzen dizuegu eta erreleborako  gaur eguneko zuzendaritza taldearen laguntza izango duzue". 

 

Erreleboa hartzeko prest zirenei laguntzeko prest agertu ziren. Deialdiak ordea ez du erantzunik izan hilabeteotan, eta azkenean, Mendi Asteko ekitaldiekin egungo zuzendaritzak taldea utzi zuen. Berriki iragarri duenez ordea, "albiste onarekin gatoz oraingoan". 2019an mendian ibiltzeko federatu txartelak tramitatzeko talde berria osatu da! "Andatza Mendi Elkarteko Bazkide guztien izenean eta mendizaletasunaren izenean eskerrak ematen diegu aurkeztutakoei bere borondatea agertzeagatik", adierazi dute Andatza M.K.T.-tik.

 

Honenbestez, iragarri moduan, beste mendi taldeekin hartuemanetan jarri beharrik ez da izango. 2019rako mendi federatu txartelak ere Andatza bidez tramitatu ahalko dira. Informazio gehiagorako: andatza.com

 

Mendian ibiltzeko ezinbestekoa

Urte berrirako mendiko federatu lizentziak berritzeko garaia izaten da honakoa. Besteak beste, Andatzak dituen 160 bazkideentzat. 

 

Urteotan Andatza M.K.T.-k antolaturiko txango guztien aurretik jakinarazi izan duen moduan, ezinbestekoa zen irteeretan parte hartzeko, mendira joateko federatua izatea, aseguru txartela indarrean izatea. Orain arte, Andatza M.K.T.-k berak eskaintzen zuen, tramitazio hau guztia egiteko aukera. NOAUA!ri gogorarazi izan diotenez, irteeretako babesteaz gain, abantaila gehiago ere eskaintzen ditu federatua egoteak. 

 

Andatzak 2015ean eman zuen, mendizaleen taldea izateaz gain, mendizale federatuen bilgunea izateko urratsa. Ordura arte antolatzen zituzten irteeretan mendizale federatu nahiz federatu gabeak joan zitezkeen. 2015az geroztik ordea, ezinbestekoa izan da, irteeretan parte hartu ahal izateko federatua izan eta aseguru txartela indarrean izatea.

 

“Orain arte irteeretan federatu eta federatu gabekoak onartzen genituen. Federatu gabe zirenei mendi aseguru berezi bat egiten zitzaien. Federaziotik taldeoi deitu ziguten ohartaraziz, istripu handi bat egonez gero, ardura handia dagoela. Gu musutruk aritzen garela ikusirik, ardura handiak dira horiek. Horregatik uste dugu mendizaleak federatzea sustatu behar dugula”, zioten NOAUA!ri Andatza taldetik, 2014ko abenduan.

 

Istripuen aurrean babesa

Mendizaleak mendira babestuta joateko beharra nabarmentzen zuten. “Mendira joatean istripuak izateko arriskua beti hor dago. Beti pentsatzen dugu guri ez zaigula gertatuko. Min hartzean, orduan jabetzen zara mendi asegurua behar dela. Antolatzen ditugun irteeratara datorren jendea ere aseguratua egotea nahi dugu, istripua ere gertatuko balitz, babestuak egoteko. Eta ez bakarrik gurekin ibiltzeko. Azkenean mendian beti dago min hartzeko arriskua. Ez bakarrik Pirinioetan, Andatzan bertan ere gertatu liteke erreskateren baten beharra izatea. Mendian ibiltzeko ohitura duen ororentzako da gomendagarria mendi asegurua”, gogorarazten zuten Andatzatik.

 

Aseguru modalitateak

Haur, gazte, heldu nahiz 65 urtetik gorakoek eskura dezakete federatu txartela. Denentzako derrigorrezkoak diren oinarrizko estaldura du mendi aseguruak. Eta hortik aurrera, aukeran ditu aseguru gehigarriok; Pirinioak, mundu mailako irteerak, espedizioak, eskia, snowa, BTT...

 

Federatua izatearen abantailak

-Urte osorako mendi istripuetarako asegurua. Aseguruaren barne, erreskateari loturiko gastuak. Tartean, errehabilitazio eta errekuperazioa zentro kontzertatuetan.

-Gipuzkoako Goi Mendi Eskolak eta beste eskolek antolaturiko ikastaroetan parte hartzeko lehentasunezko tarifak.

-Deskontuak eta prezio bereziak, mendiko babesleku, aterpetxeetan. Baita mendiko materiala saltzen duten hainbat saltokietan.

-Eskalada, mendiko eskia eta mendiko lasterketetan parte hartu eta egutegi ofizialean lehiatuko diren taldeetan aritzeko hautatuak izateko aukera.

-Federazioaren laguntza teknikoa mendi ibilaldietan eta ingurumenean.

-Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkaria doan jasotzeko aukera.

 

Irudia: Andatza M.K.T.