Adostasun atxikimendu mordoa jasotzen ari da, GuraSOSek otsailaren 23ko manifestaziora begira abiaturiko kanpaina

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 5a, 12:44

Eskubaloi eta futbol jokalariak, arraunlariak, suhiltzaileak, guraso eta haurrak, Ikastolako langileak... Adostasunaren aldeko atxikimendu mordoa jasotzen ari da GuraSOSek otsailaren 23rako iragarria duen mobilizazio handia. Gogoan izan, hitzordu horri begirako "Esan baietz adostasunari!" manifestua plazaratu eta atxikimendu bilketa kanpaina abiatu dute. Manifestu honen bidez, ahalik eta sektore gehien eta anitzenen babesa jaso nahi dute. Kanpainak keinu argi bat sinbolizatzen du; eskuko behatz lodia altxatzen dugunean adierazten dugun adostasunarena.

"Esan baietz adostasunari" kanpainak mezu baikorra, sendoa" helarazi nahi du. Adostasunarekin eta Gipuzkoako demokraziaren kalitatea hobetzeko nahiz Gipuzkoa gatazkatsutik Gipuzkoa eraikitzaile, baikor eta kolaboratibora igarotzeko guztion inplikazioarekin identifikatuko den mezua izan nahi du.

Adostasunaren keinu hori egitera animatzen gaitu GuraSOSek asteotan. Urtarrilaren 26ko agerraldian parte hartu zuten Gipuzkoako sektore ezberdinetako ordezkariek manifestu hau hezkuntza, osasuna, ekonomia, kultura, kirola, ekologia, eta oro har, gizarte eragileen artean zabaldu eta babesa lortzeko konpromisoa erdietsi dute. Gizarteak oro har kanpaina honetan parte hartzeko aukera ere izango du. Ariketa erraz bat proposatzen digu GuraSOS-ek. Manifestazioko karteleko adostasunaren keinua irudikatuz, hau da, eskuko hatz potoloarekin baiezkoa emateko egiten dugun keinua adierazten duten argazkiak ateratzeko gonbita luzatzen digute lagun taldeetan, familietan, lantokietan… Eta GuraSOS-i helarazi. Informazio gehiago: gurasos.org. Bildutako atxikimendu guztiokin mosaiko erraldoi bat osatuko dute gero, manifestazio handia iragartzeko.

Elkarlanerako deia agintariei

3 puntu nagusi biltzen ditu manifestuak; batetik, aipatu moduan, otsailaren 23ko manifestazioarekin bat egin eta bertan parte hartzea galdegiten da. Bestetik, 2018an zehar GuraSOSek abian izan duen Hitzartu prozesuaren baitan osaturiko Berme Batzordeak eskatutakoa babestea; Ahaldun Nagusia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea Hitzartuko ordezkariekin bil daitezela alegia, aipatu prozesuko emaitzak aztertu eta adostasun sozial zabalean oinarrituriko hondakinen kudeaketa osasuntsu eta jasangarrirantz elkarlanerako bideak zabaltzearekin batera. Eta horretarako, erraustegia sustatzen duen Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren eztabaida eta martxoaren 6ko onarpena geldiaraztea galdegiten du manifestuak. 

Albiste honi atxikitako argazkiak: GuraSOS-en sare sozialetatik jasoak.