"Herritar guztion eskubideak daude jokoan"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 12a, 21:01

Usurbil gaur ere Kataluniarekin. Argi zioen Gure Esku Dagok astearte iluntze honetan Mikel Laboa plazan deitutako elkarretaratzerako plazaratu duten pankartako leloak: "Seguim amb vosaltres. Askatasuna erabakitzea da". Zuekin egoten segiten dugu, hain zuzen gaur, Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenean preso dituzten Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa hasi den honetan ere. Epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazi diete, preso politikoak aske uztea eskatzearekin batera, Euskal Herriko eta Kataluniako sinbolo ditugun ikurriña eta esteladekin.

Horretara animatzen gaituzte mobilizazioko deitzaileek; elkartasunaren sinbolo eta kolore bilakatu den horia gure soinean eramatera, bai arropetan zein xingola horien bidez; epaiketak iraun artean. Baita Gure Esku Dagok iganderako (otsailak 17) Donostian deitu duten manifestazioan: 12:00etan abiatuko da Groseko Katalunia plazatik Bulebarreko kioskorantz. Konponbidea, demokrazia eta askatasuna, oinarrizko hiru aldarriokin kalera atera eta kaleak horiz janztera deitu gaituzte.

Gure Esku Dagotik ohartarazi dutenez, "preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan". Honenbestez, gaur abiatu den "epaiketa hori denon kontua da".

Astearte honetako elkarretaratzearen amaieran Gure Esku Dagok plazaraturiko adierazpenak zioen moduan, "batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du".

GURE ESKU DAGOREN ADIERAZPENA

Bi Jordiek 485 egun daramatzate espetxean, Oriol Junqueras eta Joaquim Fornek 467, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull eta Raül Romevak 358, eta Carme Forcadellek 329. Urriaren 1eko erreferendumetik ia urte eta erdi pasa ondoren, gaur hasi da Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean.

Epaiketa hori denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du.

Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere.

Horretan ari gara. Astelehenean gizarteko hainbat alorretako erreferentziazko 68 lagunek manifestu bat plazaratu zuten. Konponbide politiko baten alde agertu ziren, eta presoak askatzeko eta auzia eteteko eskatu. Bestalde, orain eta hemen bezala, Euskal Herriko 60 bat herritan atera dira herritarrak kalera, konponbidea, demokrazia eta askatasuna aldarri.

Eta mobilizazio garrantzitsuena igandean egingo dugu, Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da.

Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea; horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasiera eta amaieran. Gaur, berriro ere, deia egiten dugu horiz jantzi eta konplementu edota xingola horiak soinean eramateko, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan baita epaiketak irauten duen artean ere.

Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan. Hiru dira oinarrizko aldarriak; atera ditzagun kalera:

Konponbidea, demokrazia eta askatasuna.

Solució, democràcia i llibertat.