Mantenu lanak abiatu ditu Udalak Artzabal inguruko zuhaiztian

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 13a, 11:23

 

Borda Berri kalearen bueltan lanean dira asteazken goiz honetan. Aurreko astean iragarri moduan, Usurbilgo Udalak abiatu ditu, Artzabal bueltan dagoen 15 urteko zuhaiztiari lotutako mantenu lanak. Ohar bidez, bideratzekoak diren lanen gaineko xehetasunen berri plazaratu dute. "Guztira, 40 bat zuhaitz (parkeko zuhaitzen % 20 inguru) moztea aurreikusten da". Bi fasetan, "erdiak aurten eta hurrengo urtean, gainerakoak". Hori bai, "egungo Artzabalgo parkearen xarma, itxura eta izaera mantenduko da, udaberri eta udan itzal estimatuak eskainiz eta udazkenean hosto koloreen festaz gozatuz". 

 

Artzabalgo parke ederraz gozatzen segi ahal izateko ezinbestekotzat jo ditu lanok Usurbilgo Udalak. Inguruak egun ezagutzen dugun moduan 15 urte bete dituenean, landatutako astigar basoa hazi egin baita. Horregatik, "beharrezkoa ikusi da mantenu lanak egitea, etorkizunean ere astigar mota ezberdinez osatutako parke bat izan dezagun".

 

Mantenu lan ezberdinak bideratuko ditu Udalak, zuhaitz batzuen eta besteen egoera aintzakotzat hartuta. "Datozen egunotan, udal zerbitzuek Artzabalgo parkean dauden astigarren bakanketa lanak egingo dituzte, parkea egin zenean erabilitako irizpide bera jarraituz. Zenbait kasutan hazkuntza handia izan duten astigar batzuk moztu egin beharko dira, hazkuntza txikiagoa izan duten baino osasuntsu dauden beste zuhaitzen mesedetan. Beste zenbait kasutan, modu desegokian hazi eta etorkizun urria duten zuhaitz txikiak moztuko dira".