Usurbilgo Udala: “Zahartzaroari modu kolektiboagoan aurre egiteko plangintza dugu esku artean”

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 14a, 09:35

 

Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak 2021erako Usurbilek adinekoen egoitza izango duela iragarri zuten aurreko astean. Adinekoen egoitza berria eta berritzaile hau Usurbilen kokatzea Udalaren eta usurbildarren lorpena dela gogorarazi du Usurbilgo Udalak ohar bidez, “izan ere, urte luzeeetan usurbildarrek eta gobernu-talde ezberdinek egin duten lanaren ondorioz gauzatu ahal izango da gure herrian bertan”.

 

Udalak gogorarazi duenez, legealdi hasieran proiektu honi berriz heltzeko aukera suertatu zenetik gobernu-taldearen agendan eta gobernu-programan presente egon den proiektua izan da. “Eragiten aritu gara, lana latz egin dugu, proiektua gauza zedin”. Horren adibide gisa, jubilatuek bultzatuta, usurbildarren artean jasotako 2.000tik gora sinadurak, “gaiari heltzeko, herri-mobilizazio hura erabakigarria izan zen”.

 

Urrats erabakigarri gehiago iragarri ditu Udalak asteotarako. Hurrengoa, hilabete amaierako udalbatzaren osoko bilkuran. “Proiektua ahalbidetzen duen plan berezia onartuko du”. Zenbait xehetasun aurreratu ditu Udalak. “Hirigintzaren ikuspegitik, zerbitzu sozial bati begirako proiektua da, etxebizitzen negoziotik apartekoa. Gainera, Kalezarreko inguruarentzat urbanizazio atsegina izango da eta mugikortasuna nabarmen hobetzeko aukerak ekarriko ditu”.

 

Inkesta, 70 urtetik gorakoen artean

Horrekin batera, 70 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi diren 180 herritarren artean inkesta bat egitekoa da Udala hurrengo asteotan, kolektibo honen beharrak identifikatu eta Udalak aurrera begira bultzatu asmo dituen zerbitzu eta egitasmoetarako informazio hau guztia aintzakotzat hartzeko eta sarritan azaleratzen diren bakardade eta zaintza arazoei heltzeko.

 

Udalak gogoraratzen duenez, “adineko asko bakarrik bizi dira”. Haietako “asko eta asko emakume alargunak. Bakardadeak, gainera, jakin badakigu zer dakarren berarekin: segurtasun eza, eta apurka-apurka inguruari gero eta beldur handiagoa izatea, eta, ondorioz, norbera bere etxean isolatzea. Bestetik, elkar-loturik, zaintzaren gaia dago. Oraindik orain emakumeen ardurapean geratzen da, eta ezinbestekotzat du Udalak bestelako zaintza-eredu batzuk sustatzea, gizarte parekideagoa eta justuagoa eraikitzeko norabidean”.

 

Honekin guztiarekin, zahartzaroari ikuspegi sozialetik planteamendu integrala ari da osatzen Udala, “Usurbiletik Usurbilera. Helburua, zerbitzu eta aukera ezberdinak osatu eta eskaintzea da, menpekotasunik ez dutenentzat zein menpekotasun maila ezberdinak dituztenentzat”. Arazoak aukera bihurtu eta gaiari osotasunan erantzun, “konponbide integrala” eman nahi dio.

 

Egun martxan diren zerbitzuak (jubilatu etxeak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, asteazkenetako ibilbide osasuntsuak, eguneko arreta zerbitzua…) indartzearekin batera, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren egitasmoa eta Usurbilgo gerontologiko berriaren proiektua ditu eskuartean. “Plangintza eta ikuspegi orokorrago batean sartzen diren proiektuak dira. Zahartzaroaren dohainak geure egin eta zahartzaroari modu kolektiboagoan aurre egiteko plangintza dugu esku artean, eta halaber, zaintza-eredu berriak sustatzen ari gara, elkarren arteko zaintza esate baterako, zaintza emakumeen ardura esklusiboa izateari utz diezaion”.