Guztion eskubideak jokoan direla ohartarazita, igandeko Donostiako manifestaziora joateko deia egin du Gure Esku Dagok

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 15a, 10:04

 

"Ez da soilik katalanen aurkako epaiketa. Denon eskubideak epaitzen ari dira. Salatu dezagun", hortxe Gure Esku Dagotik herritarrei luzatzen zaien gonbita. Preso izan eta egunotan epaitzen ari diren Kataluniako buruzagiei babesa adierazi eta gu guztion eskubideak epaitzen ari direla salatzeko manifestazioa deitu du erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak, iganderako (otsailak 17) Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Groseko Katalunia plazatik, amaitu berriz Bulebarreko kiosko inguruan amaituko da, "Konponbidea. Democracia. Llibertat", aldarripean egingo den mobilizazioa.

 

Usurbilgo Gure Esku Dagok ere, nola ez, bat egin du manifestazioarekin. "Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan! Ezin gara geldirik geratu, IGANDEAN DENOK DONOSTIARA!", deitu dituzte usurbildarrak.

 

Hiriburuko kaleak horiz janztera animatzen gaituzte. Aterki horiak eskuragarri jarriko ditu antolakuntzak manifestazio hasieran eta amaieran. Xingola horiekin nahiz kolore bereko arropa edo osagarriekin manifestaziora agertzeko gonbita luzatzen dute, elkartasun keinu gisa. Eta keinuok asteartean Madrilgo Espainiako Auzitegi Gorenean abiaturiko epaiketa amaitu artean mantentzeko deia egiten dute. 

 

"Herritar guztion eskubideak daude jokoan"

Usurbilek bat eginik segitzen du Kataluniarekin, Espainiako Auzitegi Gorenean preso dituzten Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa hasi den honetan ere. Argi zioen Gure Esku Dagok astearte iluntzean Mikel Laboa plazan deitutako elkarretaratzerako plazaratu duten pankartako leloak: "Seguim amb vosaltres. Askatasuna erabakitzea da". Epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazi zieten usurbildarrek astearteko elkarretaratzean, preso politikoak aske uztea eskatzearekin batera, Euskal Herriko eta Kataluniako sinbolo ditugun ikurriña eta esteladekin.

 

GURE ESKU DAGOREN ADIERAZPENA

Bi Jordiek 485 egun daramatzate espetxean, Oriol Junqueras eta Joaquim Fornek 467, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull eta Raül Romevak 358, eta Carme Forcadellek 329. Urriaren 1eko erreferendumetik ia urte eta erdi pasa ondoren, gaur hasi da Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean.

 

Epaiketa hori denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du.

 

Horren aurrean, gure burua demokratatzat dugun guztiok bat egin behar dugu, bai epaiketaren aurrean, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa guztien aurrean ere.

 

Horretan ari gara. Astelehenean gizarteko hainbat alorretako erreferentziazko 68 lagunek manifestu bat plazaratu zuten. Konponbide politiko baten alde agertu ziren, eta presoak askatzeko eta auzia eteteko eskatu. Bestalde, orain eta hemen bezala, Euskal Herriko 60 bat herritan atera dira herritarrak kalera, konponbidea, demokrazia eta askatasuna aldarri.

 

Eta mobilizazio garrantzitsuena igandean egingo dugu, Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da.

 

Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea; horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasiera eta amaieran. Gaur, berriro ere, deia egiten dugu horiz jantzi eta konplementu edota xingola horiak soinean eramateko, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan baita epaiketak irauten duen artean ere.

 

Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan. Hiru dira oinarrizko aldarriak; atera ditzagun kalera:

 

Konponbidea, demokrazia eta askatasuna.

Solució, democràcia i llibertat.