Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ostiral goiz honetan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri ostean, ordezkari politikoak hautatu eta erakundeak berritzeko botoa emateko bi egun izango ditugu udaberri honetan, biak gainera hilabeteko tartean; apirilaren 28an eta maiatzaren 26an.
Lehenbizi Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeak ospatuko dira, gero etorriko dira udal, foru eta Europako hauteskundeak.
DATOZEN HAUTESKUNDE DEIALDIAK
-Apirilak 28, igandea: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak.
-Maiatzak 26, igandea: udal* eta foru hauteskundeak, Europakoekin batera.
*Zubietan Herri Batzarra berritzeko hauteskunde eguna izango dute baita.
Eragile politikoak, prestaketa lan betean
Hauteskunde giroan murgiltzear gara honenbestez. Hitzorduotara begira prestatzen hasiak dira eragile politikoak. Udal hauteskundeei dagokienez, gogoan izan, Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-k hautatuak dituzte haien zerrendaburuak. Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako koalizioko alkategaia eta Josune Urkola jeltzaleena.
Gogoan izan, maiatzaren 26an hitzordu hirukoitza izango dugu hautetsontziekin; udal eta foru hauteskundeak batetik. Eta baita Europako hauteskundeak ere. Zubietarren kasuan, Herri Batzarra berritzeko ere bozketa eguna izango dute maiatzeko azken igandea.