Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa: "Hemen amaitzen da guztia"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 09:55

 

Sei urteko ibilbide emankorra borobiltzea erabaki du Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, sare sozialen bidez jakinarazi duenez. "Hemen amaitzen da guztia" izenburua daraman idatziaren bidez, urteotan bidelagun izan dituztenak eskertu eta agurraren nondik norakoak azaldu dituzte:

 

HEMEN AMAITZEN DA GUZTIA

Orain dela ia sei urte hasi ginen konpartsako lehen kideok, inauterietako tailer baten harira, Usurbilgo kulturaren zutabe ahaztu eta erdi-hautsi hau berreraikitzen. Urte gutxi batzuen buruan, inork garrantzirik ematen ez zion irudi multzo bat izatetik, bizia hartu duen erraldoi eta buruhandien konpartsa bat izatera pasatu gara. Hamarkada erdi honetan hainbat ekintza burutu ditugu, baina azken hiru urteak izan dira benetan talde honi berebiziko garrantzia emateko balio izan dutenak. Herrian bertan, hainbat erakunde eta elkarterekin lankidetzan aritu gara, hamaika ekitalditan parte hartzeko. Herriko jaietan, kaleak jendez bete ditugu erraldoi topaketekin. Hauek antolatzearen ondorioz Deba, Zizurkil edo Añorga bezalako herrietara joateko aukera izan dugu. Usurbilgo erraldoi eta buruhandien konpartsa talde ezezagun bat izatetik, Katalunian ere ezagun egin den konpartsa bat izatera pasatu da.

 

Gaurtik aurrera ordea, dena ezberdina izango da.

 

Konpartsako kideok gazteak gara. Ikasketak ditugu, eta baten batek lana ere bai. Beraz, ezin diogu behar duen denbora eskaini konpartsari. Eta taldea bizkar gainean eraman ezin dugula ondorioztatu dugu. Min handia ematen digu konpartsa albo batera utzi behar izatea, bertako guztientzat izan baita mundu honetarako sarbidea. Baina batzuetan, hobe da gauzak bertan behera uztea, jarraitu eta haserrealdiekin bukatu baino.

 

Ez genuke agur esan nahi, sei urte hauetan alboan eduki ditugunei eskerrak eman gabe. Lehenik eta behin, eskerrak Usurbilgo Udalari, euren erraldoi eta buruhandiak gabe, ez ginelako ezer izango. Noaua Aldizkariari, irteera bakoitzean argazki nahiz bideoekin, sare sozialetan konpartsa ezagun egiten laguntzeagatik. Aitzaga Libre, Irrien lagunak eta bestelako elkarteei, euren ekitaldiak alaitzeko, gurekin gogoratzeagatik. Mutrikuko, Trapagarango Erraldoiak, Oreretako, Villabonako, Zizurkilgo, Oiartzungo, Debako eta Añorgako Erraldoiak konpartsei, euren herrietara gonbidatu eta etxean bezala tratatzeagatik. Erralburu taldeko Jesus Garciari, erraldoi txikien berrikuntza eta buruhandien jantzietaz arduratzeagatik, eta berarekin batera, Aitor Aiestaran hernaniarrari, eurak izan baitziren lehen kideei erraldoiak dantzatzen irakatsi eta konpartsa kontzeptuaren oinarria eman zigutenak. Xabier eta Benito Garate Echarri anaiei, erraldoi handien berrikuntzagatik. Hernaniko, Tolosako eta Untsalaz dultzainero-gaiteroei, behar izan dugun uneetan laguntzeagatik. Usurbilgo trikitilariei, eta batez ere, Usurbilgo Txistulari Taldeari, herriko irteeretan erraldoiak dantzan jartzeko beti prest egoteagatik. Ahaztu zaizkigun beste elkarte eta taldeei, behar izan dugun momentuan esku bat botatzeagatik. Sei urte hauetan konpartsako kide izan diren guztiei, beraiek izan baitira erraldoi eta buruhandiak bizirik mantendu dituztenak. Eta azkenik, eskerrik beroenak Angel Txirinbolori, taldearen koordinazioa bere gain hartzeagatik, edozein arazoren aurrean konponbideak emateagatik, eta hartutako errestaurazio, azpiegitura eta bestelako lanengatik, betiere diru tanta bat ere poltsikoratu gabe. Angel, zu gabe taldea ez litzateke aurrera aterako.

 

Gure falta sumatuko delakoan gaude, batez ere herriko jaietan. Agian gure adioak baten bati ez dio axolako, batek daki. Lan on bat egin dugula eta hilda zegoen kulturaren zati bat berpiztu dugula argi dugu, eta alde horretatik, pozik gaude. Lasai gaude.

 

Besterik gabe, ondo izan eta etorkizun erraldoi bat izan dezazuela!

 

ZABALDU!!!

 

PD: Facebook eta Instagrameko orriek zabalik jarraituko dute, argazkiak eta bideoak ikusgai jarraitzeko, eta ahal dugun moduan, eduki ditzazkezuen zalantzak eta galderak argitzeko.