Federico Malpica hezkuntza adituarekin solasaldia asteazkenean Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 18a, 11:47

 

Udarregi Ikastolatik aditzera eman duten moduan, punta-puntako aditua gonbidatu dute otsailaren 20an Potxoeneara. Ikastolaren eskutik, Hezkuntza Berrikuntzako proiektu eta prozesuetan aditu eta Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorreko Egitasmoaren sortzaile Federico Malpicaren hitzaldia izango dugu datorren asteazkenean (otsailak 20) 19:00etan Potxoenean. "Guretzat aukera ezin hobea da, abiatuta dugun hezkuntza berrikuntza prozesuaz duen ezagutza eta lidertza lehenengo eskutik jasotzeko", ikastolatik ohartarazi dutenez.

 

"Nolako pertsonak hezi nahi ditugu ikastolatik ateratzerako?", hortxe gurasoei zuzenduriko solasaldirako planteatuko den gaia. 

 

Udarregi, bat egin berria

Malpica Ikastolen Elkartearekin kolaboratzen dabil azken ikasturteotan "ikastola ezberdinak abian ditugun ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen berrikuntzarako eta eraldaketarako, laguntza jasotzen ari gara bera eta bere taldeko adituen bidez (ESCALAE Institutua), irakasleen praktika pedagogikoaren diagnostikoan sakonduz eta emaitzak landuz".

 

Udarregi Ikastola bera ikasturte honetan batu da luze joko duen formazio prozesu honetara, "eta bidean egiten duguna familiekin partekatzeko konpromiso irmoa dugu. Hau dela eta saioaren antolaketa bideratu ahal izan dugu (lan-konpromiso askokoa da) eta luxu bat da honelako adituari zuzenean entzun ahal izatea".

 

Albiste honi atxikitako bideoetan, Federico Malpicak Ikastolen Elkarteak antolaturiko 25. Jardunaldi Pedagogikoetan izandako parte hartzea.

 

HITZALDIA

Eguna: otsailak 20, asteazkena.

Ordua: 19:00.

Tokia: Potxoenea (ganbaran).

Gaia: "Nolako pertsonak hezi nahi ditugu ikastolatik ateratzerako?".

Hizlaria: Federico Malpica hezkuntza aditua.

Zehaztasunak: "Federico Malpicak Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorreko egitasmoaren sortzailea, Escalae Ebaluazio Institutua gidatzen du. "Aurten, ikastolako langileriarekin hasitako formazioa, egitasmo honen baitan kokatzen da. XXI. garren mendeko hezkuntzaren erronkak oso mamituak ditu, eta bere jakintza eta ezagutza gurekin partekatzeko prest dago".

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.

 

https://youtu.be/QdQ_1hdw-wA