Altsasukoak Aske herri plataformak antolaturiko 2. Literatura Lehiaketako sariak banatu zituzten joan den ostiralean aipatu Nafarroako herriko Iortia Kultur Gunean. Sarituen artean da, elkartasun ekimen honetara "Amari" bere sortze lana aurkeztu zuen Maite Iribar Usurbilgo Udaleko euskara eta kultura saileko teknikaria. Zorionak!
Hiru sailetara aurkeztu zitzaketen lanak gazteek nahiz helduek; narrazio laburrean, poesian eta mikroipuinean. Sakanako herritar adituek (Castillo Suarez, Arantza Alava, Elena Arteta, Alberto Barandiaran eta Izaskun Etxeberria) osaturiko epaimahaiak, poesiaren eremuan saritu zuen Iribar.
Diploma eta "Altsasukoak aske" oroigarri bat jaso zuen udal teknikariak, Uxue Alberdiren eta Altsasuko gurasoetako baten eskutik. Bere lana jendaurrean irakurri zuen Iribarrek, albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezuenez.
Joan den ostiraleko banaketa ekitaldiak, lehiaketak berak bezala, literatura eta elkartasuna uztartu zituen. Gogoan izan, espetxeraturik segitzen duten Altsasuko gazteen aldeko hamaika ekimenetako bat da honakoa. Sarituak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako sortzaile solidarioak.
Altsasuakoak Aske herri plataformak antolatu duen ekimenean, 150 lagunek baino gehiagok parte hartu dute. Antolakuntzak guztiak zoriondu nahi izan ditu. "150 pertsonatik gora gure semeen kasuan oinarritutako idatziak beren egileen ahotatik entzuteko aukera izan dute. Zorionak saritutako guztioi!", adierazi dute, lehen egunetik gogorarazi duten moduan, etxean falta dituztenen askatasuna galdegitearekin batera. "Etxean nahi zaituztegu! Denak aske!".
https://twitter.com/usurbib/status/1097251900918034434
ALTSAKUKOAK ASKE!
AMARI
Altsasutik Sotora,
AMA,
bisitan nigana,
hau dugu hau drama!
Zu triste ikusteak
zulora narama.
Nola arindu zuri
zauri honen zama?
Kartzelako ateen
ORRUA.
Amaren marrua, barne amorrua:
Non dago deabrua?
Non dago errua? Hau eragin duenak
nola du barrua?
Sototik Altsasura
AMARI BI MUSU.
Egin niri kasu,
Ama, entzuidazu:
gau ilunak egin du
eguna argitsu.
GORA BIHOTZAK ETA
AURRERA ALTSASU!
Egilea: Maite Iribar.
https://twitter.com/Altsasugurasoak/status/1096513555086692352