Etumeta AEK-tik nabarmentzen duten moduan, hau ez da euskaltegitik euskaltegikoei zuzenduriko eskaintza, herritik herriarentzat sortua baizik. Jada bederatzi urte bete dituen Mintzalagun ekimenari buruz ari gara. Urte osoan zehar egoten da zabalik izen emateko epea, baina ikasturte hasieran bezala, urte berrian murgiltzearekin batera bideratzen dute sustatzaileek herritarrak parte hartzera gonbidatzeko kanpaina.
Etumeta AEK euskaltegiarekin batera, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala daude inplikatuak Mintzalagunen, baina euskaltegitik gogorarazi digutenez, “egitasmo honetako benetako protagonistak herritarrak dira, herritar eskuzabalak”.
Bidelari eta bidelagunak, mintzapraktika hobetu nahi edota haiei laguntzeko prestasuna duten guztiak. Herritar eskuzabalak denak, “bi aldeek, praktikatu nahi duenak eta praktikatzaile horri lagundu nahi dionak, biek irabazten baitute”.
Batzuk zein besteak ezinbestekoak dira Mintzalagun egitasmorako. Konpromisoa astero, ordubetekoa. “Gero nahi duten denbora luzatu eta egin dezakete nahi dutena. Kontua tarte horretan euskaraz hitz egitea da”.
Asteroko saioekin batera, Mintzalaguneko kide guztiak batu eta herri osoari zabaltzen zaion ekintzarik egiten dute urtero. Iaz esaterako, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa bisitatzen izan ziren. “Irteerari esker asko ikasi zuten eta oso ondo baloratu zuten. Oso arrakastatsua izan zen”.
“Probatzen duenak, gustura jarraitzen du”
Proiektuko partaide bilakatu nahi baduzu izena eman dezakezu NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan edo Etumeta AEK euskaltegian. Fitxa bat betetzea baino ez da. Bertan emandako datuekin, “ikusten dugu ze taldeetan egon zaitezkeen, zein talde datorren zurekin bat, ordutegi, profil eta abarri dagokionez”.
Hortik aurrera, bidelagun eta bidelarien taldea osatzen da. Aipatzekoa, bidelagunen parte hartzea. Gutxienez euskara menderatzen duen boluntario bat behar izaten da talde bakoitzean. Une honetan “talde guztiek dute bidelagunen bat. Baina animatzen diren guztiak ongi etorriak izango dira”. Talde bakoitzak bigarren laguntzaile bat izanez gero hobe. “Batek kale egiten badu, taldeak aurrera egiten du ezer aldatu gabe eta pribilegio bat da bidelarientzat”.
Dabiltzanak behintzat oso gustura ari dira. “Probatzen duenak, gero gustura jarraitzen du”. Izatez, irailetik ekainera dinamizatzen dute Mintzalagun egitasmoa euskaltegiak, NOAUA!-k eta Udalak. Baina badira opor garaian etenik hartzen ez duten mintzalagun taldeak. “Haiek adosten dute hitzordua, eta plana. Askok etenik ere ez dute egiten. Bi taldeetan udan ere astero elkartzen segitzen dute”.
Azkenerako, solaskide taldeak baino gehiago baitira. Sarritan aurrez harremantzen ez ziren herritarrak, elkar ezagutzen joan eta euskara hartuemanetarako hizkuntza gisara baliatuta, “azkenerako koadrilatxo bat sortzen dute herrian”. Mintzalagun aberasgarria dugu beraz, “partaideentzat, herriarentzat eta euskararentzat batez ere”.