Martxoak 8

Martxoaren 8ra begirako zine foruma igandean Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 19a, 20:29

Martxoaren 8ari begira lehen hitzordua finkatu da jada. Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak zine foruma antolatu du iganderako (otsailak 24) 18:00etan Potxoenean.

"Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak ziklo berri bati heldu diogu Usurbilen: herrian jada ematen diren tratu onei merezi duten balioa ematea. Bizitza erdigunean jartzen duen greba feministarekin bat egiteaz gain, Usurbilgo mugimendu feminista elikatzeko asmoz, zineforuma antolatu dugu igande honetarako. Zaintzak, ezinbestekoak zaizkigun tratu on horiek izango dira gai nagusia eta zaintza langileek gure jendartean duten tokiaren inguruan hausnartuko dugu".

Zaintzaren gaiei heltzen dien ikus-entzunezkoa proiektatuko dute ekitaldiaren baitan; “Cuidado, resbala”. 2013an ekoitzitako dokumentalak, zaintzen gaia erdigunera dakar. Zein arduratzen den lan hauetaz, nola baloratzen diren, zenbaiteraino diren beharrezkoak, zer ekarpen egiten diguten... Guztion bizitzak sustengatzeko ezinbestekoak izan baina askotan ikusezinak diren lan hauen gaia jorratzen du emakume talde batek zuzenduriko dokumentalak: María Camacho Gómez,Montserrat Clos Fabuel,Mercedes Cordero Suárez,Vanessa Gómez Martínez,Leonor Jiménez Moreno,Carolina Suarez Rasmussen.