Martxoaren 8ko greba feminista diseinatzen segitzeko bigarren bilera 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 19a, 20:40

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitua duen 24 orduko greba feministara begira, Usurbilgo emakume talde batek bigarren bilera deitu du astearte honetarako (otsailak 19) 18:30etan Potxoenean.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak heteropatriarkatu kapitalistari planto egiteko Martxoaren 8rako deitua duen 24 orduko greba feministara begirako prestaketa lanak saretzen doaz herriz herri, baita Usurbilen ere. Emakume talde batek deituta, lehen bilera egin zuten joan den otsailaren 14an Potxoenean, "etxekoandreon, ikasleon, enplegatuon, erretiratuon, hango eta hemengoon, enplegurik ez eta lana soberan dugunon artean Martxoaren 8ko greba feministari forma emateko, antolatzeko, aliantzak sortzeko, konspiratzeko... biltzeko".

Joan den astean hasitako lanketari segida emateko bigarren bilera baterako deia egin dute astearte honetan (otsailak 19) 18:30etan Potxoenean. Bertaratzeko gonbita zabaldu dute sare sozialen bidez.

"Aurreko astean emakume* batzuk bildu ginen martxoaren 8ko greba feministari forma emateko asmoarekin. Hitz eta pitz aritu ginen: eguna nola irudikatzen genuen, zer antola genezakeen, elkar ezagutu genuen, hainbat belaunaldi elkarrekin imajinatu genituen... eta bigarren bilera egiteko asmoa dugu. Ideia horiei eta sor daitezkeenei forma emateko! Denon artean, M8an emakumeok* planto!".