Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probaren antolakuntza: "Eguna bikain joan zen"

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 29a, 10:58

Balantze ezin gozoagoa egin du Irisasi BTT-k joan den igandean antolatu zuen Irisasi BTT Hotzak Akabatzen 2019 proba herrikoiaz. Inoizko parte hartze handiena izan zuen hitzorduak. Usurbil, eskualdea, Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko hainbat txokoetatik etorritako "550 lagun inguruk hartu zuten parte". Iragarri dutenez, "ziur gaude datorren urtean gehiago izango direla!". 

Badute pozik egoteko bestelako arrazoirik ere. "Eguna bikain joan zen eta ibilbidean izan zen lokatz ugariak parte hartzaileak ongi nekarazi zituen. Baina, orokorrean denek oso pozik bukatu zuten ibilbidea, amaieran hamaiketako eder batekin eta hainbat oparien zozketarekin", adierazi du ohar bidez, Irisasi BTT-k. 

Bai parte hartzaileak, baita antolatzaileak ere pozik eta gustura. Azken hitzak, esker hitzak, proba hau posible egin dutenentzat.  "Zuen ezinbesteko laguntzari esker izan da posible hau guztia antolatzea".

Probako fideo eta argazki sorta zintzilikatu du Irisasi BTT-k Facebooken duen helbide honetan: https://www.facebook.com/IrisasiBtt2013

Negu giro erakargarria

Haizea, euria, hotza... Igande goiza eta giro hau izateko, gehienek etxean egoteko egun aproposa izango zuten. Baina giro hau da hain zuzen beste askok nahiago izaten dutena kalera irten eta duten zaletasunaz gozatzeko. Horregatik, egun eta ordu ezin egokiagoan heldu zen igande goizeko negu giroa. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izena emanda zeuden ehunka kirolarik, euria, haizea eta hotza zuten bidelagun, 8:30ak jota, abiapuntuan, Mikel Laboa plazan elkatzen hasi zirenean. Egoki prestatuta heldu ziren, gustuko duten negu giroaz gozatzera. 

Ostiralera arte, ia 600 lagunek emana zuten izena. Igande goizean islatu zen izen emate kanpainak izandako arrakastaren islada. Urtarrileko igande goiza izateko, ezohiko itxura zuen frontoi atzealdeak, 2019ko edizioa hasi aurretik bildu genituen ondoko irudietan ikus dezakezuenez.