"Mozorroak hemeretzi", Erdi Aroa eta Zirkoa, ikastetxeen inauterietako emanaldien ardatzak

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 20a, 11:15
Udarregi Ikastolakoen Inauterietako kalejira. Irudia: artxibokoa.

Hezkuntza mundua ere, mozorrotzeko bidean dugu. Udarregi Ikastola, Aginaga eta Zubietako Eskolak inauterietako ospakizunetan murgilduko dira astebete barru. Udarregikoak eta Zubietakoak martxoaren 1ean plazaratuko dituzte haien jantzi koloretsu eta koreografiak. Egunbete aurreratu dute hitzordua aurten Aginagan; otsailaren 28ra. Aginagan zirkoarekin liluratuko gaituzte, Zubietan Erdi Arora jauzi egingo dute eta Udarregi Ikastolari dagokionez, “Mozorroak hemeretzi. Atzo, bihar eta etzi. Inauteriei eutsi!” izenburuarekin aurkeztuko dizkigute iragarri dituzten ziklokako emanaldiak.

https://youtu.be/QZutVfHueWU

Emanaldiak zikloka Udarregi Ikastolan
Ikusmin handia eragin izan dute. Jende uholdea erakarri ohi du urtero Udarregi Ikastolako ikasleen inauterietako ikuskizunak. Eta ezin denak sartu Kiroldegian, dauden aforo mugagatik. Duela bi urtera arte, emanaldi bateratua eskaintzen zuten ikasle guztiek. Iaz formulaz aldatzea erabaki zuten, Oiardo Kiroldegiko aforo mugari irtenbide bat bilatu nahian. Hiru zikloek, hau da, HH, LH eta DBH-koek saioa hirutan zatitzea erabaki zuten orduan. Hau da, ziklo bakoitzak ordu ezberdin batean eskaintzea inauterietako emanaldia. Horrek jende gehiagok ekitaldiotaz gozatu ahal izatea ekarri zuen.

Esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. 2019ko edizioa, “Mozorroak hemeretzi. Atzo, bihar eta etzi. Inauteriei eutsi!” izenburupean ospatuko da. “Sormenez, zein, konpetentzietan oinarritutako talde lan bikaina dugu Inauterietako ekintza hau”, Udarregi Ikastolako musikako irakasle Jaione Eskuderok NOAUA!ri azaldu dionez.

3-6 urte arteko HH-ko haurrak izango dira goiztiarrenak martxoaren 1ean, kalera mozorro berezi eta koloretsuekin irteten goiztiarrenak. Segidan, “DBHkoek, sorpresaz betetako mozorro, gai eta dantzekin eta azkenik, LHkoek, Mozorroak 19!!”, Eskuderoren esanetan.

LH-koen saioa arratsaldez ospatuko da. Adi, Kiroldegiko futbol zelai pareko arrapalatik sartu ahalko den emanaldi guztiotarako txartelak eskuratu beharko dira aurrez. HH eta DBH-koen ikuskizunak hasi aurretik, “kiroldegiko zelai kanpoko atean txartela emango zaio ikusleari sartzeko garaian, beraz, lasai joan gozatzera”. LH-koen ikuskizunerako, “LHko ikasle bakoitzari, ikastola bertan txartel bana emango zaio eta soberan geratu diren txartelak ikastolako idazkaritzan jaso ahal izango du bertaratu nahi duen orok otsailaren 27an eta 28an”.

https://youtu.be/gr9Vsjcb3eU

Zubietako Eskola
Zubietako eta Aginagako eskolak ere mozorrotzeko girotzen hasiak dira. Zubietaren kasuan, Erdi Aroko proiektua ari dira lantzen. Gai hau ardatz hartuta mozorrotu eta irtengo dira kalejiran martxoaren 1ean. Eskolatik abiatu eta ondoko lekuotan geldialdiak egingo dituzte dantzatu eta abesteko: Eskola, Alamandegi, Barazar eta plaza. Giro euritsua izanez gero, frontoian ospatuko dute emanaldia.

Zubieta inauterietan murgiltzen lehena izango da inguruotan, larunbat honetarako Lasarterekin senidetuko duen euskal inauteriei esker.

https://youtu.be/Favk8ixJnSE


Aginagako Eskola
Iaz bezala, kultur gune gisa dinamizatu nahi duten Eliza Zaharra hautatu du Aginagako Eskolak, inauterietako emanaldia eskaintzeko. Aurtengoan eskenatokia zirko handian bilakatuko dute. Zirkoa honenbestez, datozen inauterietako emanaldirako hautatu duten gaia.

IKASTETXEEN INAUTERIETAKO EMANALDIAK
Otsailak 28, osteguna
15:30 
Aginagako Eskolakoen inauterietako emanaldia Eliza Zaharrean. Gaia: zirkoa.

Martxoak 1, ostirala
Udarregi Ikastola
10:15 
HHkoen festa. Eguraldi onarekin frontoian, bestela, Oiardo kiroldegian.
11:00 Bi autoen atzetik LH eta DBHkoak desfile moduan, dantzan aterako dira herrian zehar.
11:45 DBHkoen dantza ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.
15:30 LHkoen dantza ikuskizuna Oiardo Kiroldegian.

Zubietako Eskola
15:30 
Zubietako Eskolakoen inauterietako kalejira. Gaia: Erdi Aroa. Ibilbidea: Eskola, Alamandegi, Barazar eta plaza eguraldi onarekin. Euria bada, frontoian.