Martxoak 8

Martxoaren 8ko greba feministarako deialdiak zehazteko bilera astelehenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 21a, 14:12

Hurbiltzen doa eguna, bi aste baino ez Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitua duen 24 orduko greba feministarako. Hitzordua prestatzeko emakume talde bat biltzen hasia da asteotan Potxoenean. Astelehenean (otsailak 25) berriz biltzekoak dira.

Martxoaren 8ko 24 orduko greba feminista irudikatzen, marrazten hasia da Usurbilgo emakume talde bat. Potxoenean bildu ziren lehen aldiz, otsailaren 14an.  “Emakume* batzuk bildu ginen martxoaren 8ko greba feministari forma emateko asmoarekin. Hitz eta pitz aritu ginen: eguna nola irudikatzen genuen, zer antola genezakeen, elkar ezagutu genuen, hainbat belaunaldi elkarrekin imajinatu genituen…”.

Ideiei eta sor daitezkeen berriei forma emateko bigarren bilera bat egin zuten asteartean. "Martxoaren 8ko greba feministari forma emateko bigarren bilera ere egin dugu! Gutxi gorabeherako egitarau bat osatu dugu: auzoetatik etorri eta herriko plaza zein kaleak hartu, bost ardatzen inguruan hausnartu, elkar ezagutu, hainbat belaunaldi eta alde guztietako emakumeak* saretu, elkarrekin bazkaldu, aldarrikatu, barre egin, kalejira, akelarrea... eta hirugarren bilera egiteko asmoa dugu. Ideia horiei eta sor daitezkeenak zehazteko! Denon artean, M8an emakumeok* planto!".

Hirugarren bilkurarako hitzordua, datorren astelehenean (otsailak 25) finkatu dute, 18:30etan Potxoenean.

Zine-foruma igandean
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak zine foruma antolatu du iganderako (otsailak 24) 18:00etan Potxoenean. 

"Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak ziklo berri bati heldu diogu Usurbilen: herrian jada ematen diren tratu onei merezi duten balioa ematea. Bizitza erdigunean jartzen duen greba feministarekin bat egiteaz gain, Usurbilgo mugimendu feminista elikatzeko asmoz, zineforuma antolatu dugu igande honetarako. Zaintzak, ezinbestekoak zaizkigun tratu on horiek izango dira gai nagusia eta zaintza langileek gure jendartean duten tokiaren inguruan hausnartuko dugu".

Zaintzaren gaiei heltzen dien ikus-entzunezkoa proiektatuko dute ekitaldiaren baitan; “Cuidado, resbala”. 2013an ekoitzitako dokumentalak, zaintzen gaia erdigunera dakar. Zein arduratzen den lan hauetaz, nola baloratzen diren, zenbaiteraino diren beharrezkoak, zer ekarpen egiten diguten... Guztion bizitzak sustengatzeko ezinbestekoak izan baina askotan ikusezinak diren lan hauen gaia jorratzen du emakume talde batek zuzenduriko dokumentalak: María Camacho Gómez,Montserrat Clos Fabuel,Mercedes Cordero Suárez,Vanessa Gómez Martínez,Leonor Jiménez Moreno,Carolina Suarez Rasmussen.