Martxoak 8

Zaintzen gaia erdigunean jarriko duen zine foruma igandean Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 22a, 09:22

Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak zine foruma antolatu du iganderako (otsailak 24) 18:00etan Potxoenean. Zaintzen gaia erdigunera ekarri nahi dute ekitaldiarekin, Martxoaren 8ko greba feministarekin bat egitearekin batera.

"Parekidetasun Sailaren enkarguz, Arremanitz Kooperatibak ziklo berri bati heldu diogu Usurbilen: herrian jada ematen diren tratu onei merezi duten balioa ematea. Bizitza erdigunean jartzen duen greba feministarekin bat egiteaz gain, Usurbilgo mugimendu feminista elikatzeko asmoz, zineforuma antolatu dugu igande honetarako. Zaintzak, ezinbestekoak zaizkigun tratu on horiek izango dira gai nagusia eta zaintza langileek gure jendartean duten tokiaren inguruan hausnartuko dugu".

Zaintzaren gaiari heltzen dien ikus-entzunezkoa proiektatuko dute ekitaldiaren baitan; “Cuidado, resbala”. 2013an ekoitzitako dokumentalak, zaintzen gaia erdigunera dakar. Zein arduratzen den lan hauetaz, nola baloratzen diren, zenbaiteraino diren beharrezkoak, zer ekarpen egiten diguten... Guztion bizitzak sustengatzeko ezinbestekoak izan baina askotan ikusezinak diren lan hauen gaia jorratzen du emakume talde batek zuzenduriko dokumentalak: María Camacho Gómez,Montserrat Clos Fabuel,Mercedes Cordero Suárez,Vanessa Gómez Martínez,Leonor Jiménez Moreno,Carolina Suarez Rasmussen.

Adi, Martxoaren 8ko greba feministari begira datozen deialdiekin:

MARTXOAREN 8ARi BEGIRA DATOZEN DEIALDIAK
Otsailak 24, igandea
18:00 Zine foruma Potxoenean.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila, Arremanitz Kooperaitba.

Otsailak 25, astelehena
18:30 Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko bilera irekia Potxoenean.
Deitzailea: Usurbilgo emakume talde bat.

Otsailak 26, asteartea
18:00 Udalbatzarraren osoko ohiko bilkura. Besteak beste, Martxoaren 8ko greba feminista babesteko erakunde adierazpenaren bozketa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.