Martxoak 8

Martxoaren 8ko greba feministarako deialdiak zehazteko bilera gaur 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 25a, 09:18

Bi aste baino gutxiago Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitua duen 24 orduko greba feministarako. Hitzordua prestatzeko emakume talde bat biltzen hasia da asteotan Potxoenean. Astelehen honetan (otsailak 25), hirugarren bilkura izango dute, 18:30etan Potxoenean.

Martxoaren 8ko 24 orduko greba feminista irudikatzen, marrazten hasia da Usurbilgo emakume talde bat. Potxoenean bildu ziren lehen aldiz, otsailaren 14an.  “Emakume* batzuk bildu ginen martxoaren 8ko greba feministari forma emateko asmoarekin. Hitz eta pitz aritu ginen: eguna nola irudikatzen genuen, zer antola genezakeen, elkar ezagutu genuen, hainbat belaunaldi elkarrekin imajinatu genituen…”. 

Ideiei eta sor daitezkeen berriei forma emateko bigarren bilera bat egin zuten asteartean. "Martxoaren 8ko greba feministari forma emateko bigarren bilera ere egin dugu! Gutxi gorabeherako egitarau bat osatu dugu: auzoetatik etorri eta herriko plaza zein kaleak hartu, bost ardatzen inguruan hausnartu, elkar ezagutu, hainbat belaunaldi eta alde guztietako emakumeak* saretu, elkarrekin bazkaldu, aldarrikatu, barre egin, kalejira, akelarrea... eta hirugarren bilera egiteko asmoa dugu. Ideia horiei eta sor daitezkeenak zehazteko! Denon artean, M8an emakumeok* planto!".

Hirugarren bilkurarako hitzordua, astelehen honetarako (otsailak 25) finkatu dute, 18:30etan Potxoenean.