Martxoak 8

Plazak eta kaleak hartzeko deia, Martxoaren 8ko greba feministan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 26a, 18:13

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitua duen greba feminista egunari begira Usurbilgo emakume talde bat egun horri begirako lanketa egiten ari da, asteotan Potxoenean egiten ari den bilkuren bidez. Dagoeneko josi dute greba egunerako egitaraua. Emakumeak plazak eta kaleak hartzeko egun osorako deialdiak iragarri dituzte.

Ibilaldia, kalejira, argazki erraldoia, bazkaria, bazkalosteko girotzea, akelarrea... Greba feminista eguna kalean bizi eta partekatzeko egitaraua josi du Usurbilgo emakume talde batek Martxoaren 8rako. Guztia ongi lotzeko azken bilera deitu du martxoaren 5erako 18:30etan Potxoenean. "Martxoaren 8ko greba feministaren bueltan hirugarren bilera ere egin dugu! Egitaraua osatu dugu: auzoetatik etorri eta herriko plazak zein kaleak hartu, bost ardatzen inguruan hausnartu, elkar ezagutu, hainbat belaunaldi eta alde guztietako emakumeak* saretu, kalejira, argazki erraldoia, elkarrekin bazkaldu eta bazkaloste girotuaz gozatu, akelarrea... Denon artean, M8an emakumeok* planto!".

Martxoaren 8ko grebara begirako deialdi gehiago ere iragarri dira. Astearte honetako plenoan, greba eguna babesteko erakunde adierazpena bozkatzekoak dira udal taldeak. EHBilduko emakumeek argazki agerraldia iragarri dute ostiralerako. 

Horrekin batera, gizon talde batek umeen zaintza gunea antolatu du Askatasuna plazan Martxoaren 8an. Izena ordea aurrez eman beharko da. Deialdi guztiok xeheago, segidan:


Datozen deialdiak
Otsailak 26, asteartea
18:00
Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko bilkura. Martxoaren 8ko greba feminista babesteko erakunde adierazpenaren bozketa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
19:00
Asteburuan izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzaileak: Usurbilgo Udala eta mugimendu feminista.

Martxoak 1, ostirala
19:00 
Martxoaren 8ko greba feminista babesteko EHBilduko emakumeen argazki agerraldia Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo EHBildu.

Martxoak 5, asteartea
18:30 
Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko bilera irekia Potxoeneko Urdintxo gelan.
Deitzailea: emakume talde bat.

Martxoak 8, ostirala: 24 orduko greba feminista
09:30 
Auzoetatik Dema plazara! Hitz egin emakume* bizilagun, auzotar eta gainerakoekin. Batera, bakarrik… Baina gogoratu 10:00etan Dema plazan geratu garela!
10:00 Dema plazatik Kaxkoan ibilbidetxo bat egingo dugu.
10:30 Grebako bost ardatzen inguruan hausnartuko dugu (ikasleak, enplegatuak, pentsiodunak, zaintza eta kontsumoa).
13:00 Kalejira alai eta zaratatsua! Emakumeok* heteropatriarkatu kapitalistari planto! Amaieran, argazki erraldoia Dema plazan.
14:00 Bazkaria frontoian. Nork bere tuperra ekarri eta ingurukoekin elkarbanatu nahi izanez gero ere, primeran! 
Ondoren, bazkaloste girotua. Mikrofono irekia egongo da, herriko emakume artistentzat. Abesti batzuk kantatu, poesia errezitatu, antzeztu… Aurrez izena eman telefono zenbaki honetan: 634 453 333.
17:30 Neska* gazteek akelarrea egingo dute eta herri guztia dantzan jarriko dute! 
19:00 Donostiako ekitaldia indartzera!
Antolatzailea: emakume* talde bat.

Oharra: 12:30-14:30 / 16:30-18:00 
Gizonezko talde batek antolatuta, umeentzako zaintza gunea Askatasuna plazan. Izen ematea: martxoaren 1ean Oiardo Kiroldegiko mahaian (inauterietako emanaldiak ospatuko diren ordutegian), usurbilm8gizonak@gmail.com, Bordatxo, Txirristra eta Aitzaga tabernak. 

Martxoak 10, igandea
10:30 
30. Lilatoia Donostian. Informazio gehiago: lilaton.es

Martxoa-maiatza
Batukada feminista ikastaroa, martxoaren 1ean, 15ean, 29an, apirilaren 12an eta maiatzaren 10ean eta 24an, 17:00-19:00 artean, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Izen ematea: Parekidetasun Saila, parekidetasuna@usurbil.eus, 943 377 110. Antolatzailea:
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila.