Jai Batzordea bigarrenez bilduko da gaur 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 27a, 12:09
Datozen Usurbilgo jaiak ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira.

Bilera irekiz jositako aste honetan hurrengo hitzordua, Jai Batzordearena. Asteazkenerako (otsailak 27) bilera irekia deitu du 18:00etan Potxoenean, Usurbilgo festak disenatzeko segitzeko. Gogoan izan, datak finkatuak daude jada, hurrengo saiootan egitaraua ekitaldiz hornitzeari ekingo diote.

Egutegi aldetik ez da aldaketarik aurtengoan. Jai Batzordeak otsailaren 5ean eginiko lehen bileran finkatu zituen Usurbilgo jaien egunak; zenbat eta zeintzuk izango diren. 2019ko Santixabelek bost eguneko iraupena izango dute, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditugu.

Egunak finkatuta, antolaketa prozesuari buruz luze zabal jardun zuten lehen bilera honetan parte hartu zuten herri eragileetako ordezkari ezberdinek. Azken urteon ildo beretik, orri zuri batetik abiatu eta bideratu nahi dituzte Santixabeletako prestaketa lanak. Herritik herriarentzat, eta Jai Batzordearen altzoan, elkarlanean.

Orri zuri horren abiapuntua, ekarpenak biltzea izango da. Hilabete hasierako bileraren ostean, zer nolako festak izan nahi ditugun hausnartzeko hiru asteko epea zabalik izan du Jai Batzordeak. Gogoeta prozesu hau herriko taldeetara zabaldu nahi izan dute, baina ez soilik herri eragileen eremura, haratago baizik; plazara, jendartera. Santixabelei buruz pentsatu eta hitz egitea sustatu nahi dute herrian. Eta hausnarketa zein elkarrizketa prozesu honetatik datozen festetarako ekarpen eta proposamenak biltzea.

Egitarauan txertatzen hastera
Asteotan herriko taldeetan, kalean, jendartean bildutako proposamen eta ekarpen guztiok Jai Batzordearen asteazkeneko bigarren bileran aurkeztu eta aztertuko dituzte. 

Proposamenok aurkeztu eta gutxinaka, egitarauan kokatzen hasi asmo dute bigarren saio horretan. Gogoan izan, batzorde hau dela festen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko gunea. Bilera hauek irekiak izan ohi dira, festen antolakuntzan parte hartu nahi duen herri eragile eta herritar ororentzat.

DATOZEN BILERAK
Otsailak 27, asteazkena

18:00 Usurbilgo Jai Batzordearen bigarren bilera Potxoenean.
Deitzailea: Jai Batzordea.

Otsailak 28, osteguna
18:30 Gureak-Elkar Usurbilen kokatzeko proiektu sozioekonomikoaren aurkezpena eta erakusketaren irekiera Sutegiko erakusketa aretoan.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Martxoak 1, ostirala
17:30 Korrika Batzordearen bilera Etumeta AEK euskaltegian.
Deitzailea: Korrika Batzordea.

Martxoak 5, asteartea
18:30 Martxoaren 8ko greba feminista prestatzeko azken bilera Potxoeneko Urdintxo gelan.
Deitzailea: emakume* talde bat.