Elkarretaratze isila baina salaketa ozena indarkeria sexistaren aurka

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 26a, 20:22

Asteburuan izandako eraso sexista salatu dute herritarrek astearte iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. "Indarkeria sexistarik ez" aldarriarekin bat egin eta erasotuari babesa adierazi diote.

Hala egokitu da, gaur justu urtebete gertatu bezala, Usurbilgo herria kalera atera da berriz astearte iluntze honetan (otsailak 26) indarkeria sexista salatu eta asteburuan erasotu duten emakumeari babesa adieraztera. Usurbilgo Udalak eta mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea egin berri dute Mikel Laboa plazan. Usurbilgo Udaleko udalbatza osatzen duten talde politikoetako ordezkariak eta Foru Aldundiko ordezkaritza ere bertaratu da mobilizaziora. Ondoko irudietan dituzue "indarkeria sexistarik ez" aldarria biltzen duen pankartari eusten.

Aldarri honen bueltan bildu dira, astelehenean deitu eta azken orduotan mobilizazioaren berri jaso duten belaunaldi ezberdinetako emakume eta gizonak. Guztiak eraso sexisten aurka bat eginik, eta erasoturiko emakumeari babesa adierazteko.

Erasoa, asteburuan
Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman zuenez, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat arratsaldean Usurbilen, "genero-indarkeria delitu bat leporatuta".

Antza, larunbat arratsaldean 16:30etan jaso zuen Ertzaintzak eraso matxista bat gertatu zela Usurbil aldean. "Ertzainek, bertara hurbildu zirenean, bi inplikatuak aurkitu zituzten. Dirudienez, bikotea auto baten barruan zegoela, eztabaidan hasi ziren eta gizonezkoak emakumeari eraso eta mehatxu egin zion. Ertzainak ohartu ziren biktimak kolpeak zituela bekokian, masailean eta esku batean, eta, egoera ikusita, beraz, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten genero-indarkeriaren delitua leporatuta. Atxilotu duten gizonezkoak aurrekariak ditu delitu horrengatik". Atxilotua igandean epailearen aurrera eramatekoak ziren.