"Emakume bat erasotua den bakoitzean, jendartea bere osotasunean da erasotua"

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 26a, 22:46

Emakume bat erasotzen den bakoitzean, jendartea erasotzen da. Ezin du eraso bakar batek erantzunik gabe geratu. Erasook ez dira gertaera isolatuak, egitura sexista baten ondorio baizik. Egiturazko arazo baten aurrean gaude honenbestez, asteburuko eraso sexista salatzeko astearte honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean plazaraturiko adierazpenak salatzen duenez.

Usurbilgo udal gobernu taldeko parekidetasun arloko zinegotzi Josune Estellak, Udalak eta mugimendu feministak deituriko elkarretaratze amaieran irakurritako adierazpenak Mikel Laboa plazara gerturatu direnen elkartasuna eta babes osoa helarazten dio asteburuan eraso duten emakumeari.

Indarkeria sexista egiturazko arazoa den neurrian, erroetara jo behar dela ohartarazten du, prebentzioan lan egiteko beharra azpimarratzearekin batera. "Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea".

Arrazoi bat gehiago, aipatu adierazpenak azpimarratzen duenez, ate joka dugun Martxoaren 8an "greba egin eta kalera ateratzeko".

Indarkeria sexistarik ez!
Gaur berriro ere kalera atera gara, Usurbilgo Udalak eta mugimendu feministak deituta, gure herrian asteburuan izan den eraso sexista salatzeko. Ertzaintzak berri eman zuenez, gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bikotekideari eraso egiteagatik.

Usurbilgo Udalak badu indarkeria sexistetarako protokoloa, eta, erasoaren berri izan bezain pronto, protokoloa zorrotz aplikatu dugu, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. Udalak hasieratik azaldu dio emakumeari babes osoa, eta gaur ere, beste aldi batzuetan egin dugun bezala, plaza publikoan, horixe bera azaldu nahi diogu: gure elkartasuna.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa salatu nahi dugu. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, argi dugu ezin duela eraso bakar batek ere geratu erantzunik gabe.

Eraso sexistak ez dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira beroaldi batzuen ondorioz gertatzen. Indarkeria sexista lehen mailako arazo soziala da.

Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Gizartearen egitura sexista baten ondorio dira. Egitura hori jarreretan, heziketan eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunetik datozen jokabideetan atzematen da. Horregatik,  gizarte osoaren erantzukizuna da matxismoari aurre egitea oinarritik bertatik.

Arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraiei, heldu behar zaie, ezinbestean. Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea.

Martxoaren 8an, beraz, beste arrazoi bat gehiago dugu greba egin eta kalera ateratzeko. Orain dela ordubete egin dugu osoko bilkura, eta Usurbilgo udalbatzak gehiengoz onartu du grebarekin bat egitea. Dakizuenez, greba bost ardatzetan antolatzen da: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Greba feminista, guztion bizitzan eragiten duten esparruetan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, kontsumo ereduan, sexualitatean, arrazakerian, etab. Horregatik, grebaren bitartez, ardura kolektibotik abiatuta bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatu nahi diogu euskal jendarteari, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutuz. Iaz bezala, aurten ere zaintza erdigunean kokatzen da, zaintzaren berrantolaketa soziala politika publikoen zeharkako ardatza izan behar dela aldarrikatuz.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu!

Indarkeria sexistarik ez!