Jostalarien Inauteri Festarako egitarau koloretsu eta eraberritua prest

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 27a, 11:37

Inauteri Festa jostalarienaren atarian gara jada. Zuen laguntzaz jostaleku erraldoian bilakatu nahi dugu Usurbil larunbateko (martxoak 2) jaialdian. Jolasena dugu aurten mozorrotzeko gaia. 

Eta jolasean ekingo diogu 2019rako prestatu dizuegun Inauteri Festa koloretsu eta berrituari! Eguna hasteko familia giroko jolasak prestatu dituzte Zirimara eskola kiroleko proiektu eraberrituko kideek. 

Udarregi Ikastolak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak ikasturte honetan elkarlanean abiatu duten Zirimara egitasmo eraberrituak pasa den Erle Egunerako prestaturiko antolaturiko dinamikari jarraituz, haur, gazte nahiz helduentzat jolasak prestatu dituzte larunbat goizerako. “Erle Egunean ezkutaketan jolastu genuen, Inauterietan beste jolas batzuetan parte hartuz gozatuko dugu. Jakin nahi duzue zeinetan? Bada, etor zaitezte martxoaren 2an familia osoa edo lagunartean mozorrotuta eta parte hartuz ezagutuko dituzue. Ez dago aurrez izena eman beharrik. Bertara gerturatu aipatutako orduan eta kito!”.

Ekimen hau eguerdirako antolatu dugun desfile moduko kalejirarekin lotu dugu. Zirimara proiektuko parteko azken bi jolasak Mikel Laboa plazan eta Artzabalen ospatuko dira. 11:30etan ospatuko da Mikel Laboa plazakoa eta handik Inauteri Festa egunez ezagunak ditugun Burrunbazale txarangakoekin Artzabalera joko dugu azken jolasean parte hartzera. 

Jostalari guztiok, mozorrotuta, txarangarekin batera kalejiran murgiltzera animatzen zaituztegu. Bazkal ordura arte luzatuko den ekimenari ahalik eta desfile itxura handiena eman nahi diogu. Animatu eta murgildu ekitaldi koloretsuan!

Gaztelekukoak herensugearekin
Zirimarako parte hartzaileekin batera, Gaztelekukoak ere bertan irtengo dira, herensuge eta guzti. “Ostargi Gizarte Elkartean, hainbat nerabe eta gurasoekin sortutako Herensuge txinatarra aterako dute kalera. Nerabeak ohilaren azpian joango dira Herensugeari bizitza emanez. Beste nerabe batzuk inguruan joango dira, zintak astinduz, zorteko gailetak banatuz, faroltxoak eramanez, kriskitinak joz eta diaboloa dantzatuz”, Gaztelekutik NOAUA!ri aditzera eman diotenez.

Dagoeneko prestaketa lan betean dira. “Duela urte batzuk, Herensugearen burua erraldoi bihurtu genuen Gaztelekuko erabiltzaile batzuekin eta aurtengo gazteek buru berria egiteko asmoa dutela esaten dute eta horretarako materiala biltzen ari dira”.

Kalejiraz gain, beste bi hitzordu antolatu ditu Gaztelekuak Inauteri Festako arratsalde parterako. “Arratsaldean, ondo errotuta dugun ekintza, Karaokea, egingo dugu. Denok ikaragarri gozatzen dugu, musika topera jarriz, elkarrekin eta mozorrotuta, abesten. Eta amaitzeko Bingoa, ea nork izango duen zortea bere alde! Eta honela jai giroan amaituko genuke eguna!!!”. 

Erromeria herriko taldeekin
Bigarren kalejira bat izango da arratsalde partean, Burrunbazale txarangakoekin. Eta gero herriko taldeen txanda; erromeria goizaldera arte, afalaurretik Ttipika taldekoekin eta gauerdia pasata, 01:00etan hasita, Larrian Gozoko kideekin.

Gipuzkoako makil jokoak
Azken urteon ildotik, mozorro festa dantza batean helduko zaigu martxoaren lehenean Orbeldi D.T.-koen eskutik. “Gipuzkoako makil joko desberdinak egingo ditugu. Aurreko urteetan Uztaritzeko inauteriak, Axeri Dantza eta Luzaideko inauteriak plazaratu ditugu. Aurten makilak astinduz emango diogu ongi etorria inauteriei”. Kiroldegitik abiatuko dira hilaren 1ean 19:00etan kalejiran, herrian barrena pare bat geldialdi egin ostean, azken saioa frontoian eskainiko dute.  

USURBILGO INAUTERI FESTA
Martxoak 1, ostirala
19:00“Orbeldi Usurbilgo dantza taldearen kalejira herrian zehar. Bukaeran, 20:00ak aldera, Gipuzkoako makil-jotzaile dantzak frontoian.
Antolatzailea: Orbeldi dantza taldea.

Martxoak 2, larunbata
Gaia: 
JOLASAK (Mahai jolasak, denetariko jokoak...)
11:00 Inauterietan jolasak familia giroan frontoia, herri osoari zuzendua.
Antolatzaileak:Zirimara taldea, Noaua Kultur Elkartea, Udarregi ikastola eta Usurbilgo udala.
11:30 Frontoitik abiatuta, Inauteri Festako kalejira eta desfile herrikoia Kaxkoan barrena. BURRUNBAZALE txarangak musikatuko du ekitaldia. Gaztelekukoak haiek sortutako herensugearekin desfilea egingo dute. Ibilbideak, besteak beste, Zirimara eskola kiroleko egitasmoko kideekin partekatuko ditugun bi jolas gune izango ditu! Mozorrotu eta batu guztiok desfilera!
16:00 Karaoke Festa Gaztelekuan. Mozorrotuta etorri!!!
17:30 -19:30 Frontoitik abiatuta, BURRUNBAZALE txarangarekin kalejira.
17:30 Bingoa Gaztelekuan.
19:30-21:00 Ttipika taldearen dantza gidatuen emanaldia eta erromeria frontoian. Plazara, dantzara!
01:00-02:30 Larrian Gozo Usurbilgo taldearekin gautxori morrozotu eta jostalarien erromeria frontoian. 
Antolatzailea: 
Noaua! Kultur Elkartea.