Larrian Gozo, Inauteri Festan: “Parranda polita egiteko aukera eskainiko dugu”

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 2a, 08:45
Larrian Gozok dantza batean jarriko ditu gautxoriak, martxoaren 2ko Inauteri Festan.

Bueltan datoz Enara Eizagirre Hueta (bateria), Ane Azkonobieta Irazusta (trikitia eta bigarren ahotsak), Lide Pagola Agorreta (kitarra), Xabi Lazkano Iturrioz (baxua) eta Olatz Allur Maiz (pandero jolea eta ahotsak), bueltan dator Larrian Gozo! Inauteri Festako gautxoriak dantza batean jartzera. Inauteri Festa goizaldera arte oraingoan, musikaz girotua frontoian! 1:00etik aurrera, Larrian Gozo! Kontzertu bezpera hauetan haiekin izan da NOAUA!.

Usurbilgo jaietako lehen emanalditik nola ikusten duzue taldeak jorratu duen ibilbidea?
Larrian Gozo: 
Talde kideen artean aldaketa batzuk izan ditugu, orain kitarra bakarra dugu. Oinarrizko errepertorioa abesti berriekin hobetzen saiatu gara. Talde barruan beste koherentzia, elkar ezagutza eta konfiantza dago egun. Gustura gabiltza eta gainera kontzertu gehiago ateratzen ari dira. Gogotsu gaude.

Nola bizi izan zenuten Usurbilgo jaietako lehen kontzertu hura?
Jaietako azken eguna zen, herrian zen gainera. Ez zen gaizki atera, ondo pasa genuen  baina hobeto egin genezakeen arantza hori hor geratu zitzaigun. Halere, gerora 
eskaini ditugun beste kontzertuekin, Gazte Egunean eskaini genuenarekin esaterako, sentsazio hori gainetik kendu dugu eta oso gustura gaude.Orendaingo jaietako kontzertua inflexio puntua izan zen taldearentzat. Ondo atera zen, jendea dantzan ikusi genuen, oso pozgarria izan zen. Konfiantza handia ematen du horrek. 

Santixabelak, San Praixkuak, Orendain, Gazte Eguna… Leku gehiagotatik deika dituzue orain.
Nahiko harrituak gaude. Espero baino gehiago ari zaizkigu idazten. Tarte gutxirekin deitu digutelako ezezko batzuk eman beharrean aurkitu gara. Halere data batzuk finkatuak ditugu. Usurbili dagokionez, auzoetako jaietako kontzertu batzuk lotu ditugu. Herritik kanpotik ere eskaintza batzuk jaso ditugu. 

Sare sozialen eragina nabaria da ezta?
Ia dena sare sozialetatik mugitu da. Bestalde, kanpora ateratzeak eta jendeak ikuste horrek ere kontzertuak lotzen laguntzen du. Herritik kanpo jende ezaguna izateak asko laguntzen du.

Zein da taldea identifikagarri egiten duen zuen musika estiloa? 
Berbena taldea da, trikiti aldera asko jotzen dugu. Halere ez dugu estilo guztiz definitua, kanta gustukoa badugu horrekin saiatzen gara edo moldatzen dugu. Ezin bada, beste kanta bat bilatzen dugu, beti gure zaletasunen arabera.

Horretan publikoak eragingo du. Zer nolako zaletuak dituzue? 
Moldatu egin behar. Zonaldearen arabera, denetarik dago. Usurbilen agian ez dira oso dantza zaleak, baina kantaren arabera topera abestuko dute. Orendainen esaterako, topera dantza egingo dute. 

Nola doazkizue inauterietako prestaketak?
Urtean zehar entseatzen segitzen dugu, baina kontzertu bati begira garenean ordu gehiago sartzen ditugu. Ez taldean bakarrik, baita bakoitzak bere aldetik etxean kantak prestatzen. Abesti berri batzuk sartu ditugu. 

Herrira itzulera izango da zuentzat. 
Ia oraingoan zenbatek egiten duten dantza. Mikel Laboa plazan hasi ginen, Askatasuna plazan jo genuen, frontoia falta zaigu probatzeko. Gogotsu gara. Sagardotegietan afaltzeko ohitura dago inauterietan, gazteen artean. Aurten ere itxura hori duela ematen du, gero jendea frontoira jaitsiko dela espero dugu. 

Frontoira gerturatzen denari zer eskainiko diozue oholtza gainetik?
Parranda polita egiteko aukera. Gozatzeko, dantza egiteko eskaintza desberdina. Azken urteetan tabernetara joatea izan da joera. Aurten, zuzeneko emanaldi herrikoia. Animatu eta etorri!