Ugaldea industriagunea eraberritzeko bidea ireki dute poligonoko jabeek eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 4a, 16:57

Ugaldea industriaguneko jabeek elkarte bat sortu dute industriagunea eraberritzeko asmoz: Usurbilgo Ugaldea Poligonoko Elkartea, hain zuzen. 19 jabek osatzen dute elkartea, baina falta direnak batuko direla espero dute kideek. 

Udalak eta Ugaldeako eragile ekonomikoek “ezinbestekotzat” jotzen dute industriagunea XXI.mendeako parametroetara egokitzea, eta herriak kalitatezko jarduera ekonomikoak izatea. Xabier Arregi alkatearen hitzetan, asmoa ez da industriagune berri bat egitea, baizik eta zonalde degradatu bat modu duinean txukuntzea, bertako jarduera ekonomikoa baldintza onetan gara dadin.

Lehen urratsa industriaguneko beharren azterketa egitea izango da, eta horren arduradun izango da Gabiria & San Juan Gestion y Fincas SLP enpresa.  “Orain artean, enpresa edota jabe bakoitza bere aldetik aritu da bere lantegiaren ingurua, hala moduz, txukuntzen, elkarren arteko koordinazio eta elkarlanik gabe, ikuspegi orokor eta integral baten faltan”, azaldu du Iker Beristain Ugaldeako Elkarteko presidenteak.  Behin azterketa amaitzean ikusi beharko da zein norabidetan eman hurrengo urratsak.